Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatu zuen astebururako, eta Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak iragarri zuen bezala, prezipitazio ugariak, iparraldeko haize gogorra, itsaso zakarra, hotza eta mendialdeetan elur ugari ekarri ditu neguko lehenengo denboraleak.
Kostaldeko herrietan zenbait kalte eragin ditu haizeteak eta euriteak. Getariako Udalak aditzera eman duenez, kalte "txikiak" eragin ditu herrian asteburuko eguraldi txarrak. Esaterako, "teilaturen bat edo besteren teilak" eraman ditu haizeak, eta autobus geltokiko kristal bat ere hautsita geratu da. Gainera, igogailuko pasarelako bi kristal apurtu ditu eta elizako kanpandorreko leiho bat babesten zuen egurtxo bat ere eraman du haizeak.
Orion ere haizete gogorrak eta euri jasa handiak izan dira asteburuan, eta denboraleak kalteak eragin ditu futbol zelaian. Hain justu, sarrerako beirateetako bat bota zuen haizeak, atzo goizean. Orioko Udaltzaingoak jakitera eman duenez, ez da inor zauritu, baina futbol zelaia itxita egongo da egoera konpondu bitartean, herritar guztien segurtasunerako. Gaur ekingo diete konponketa lanei.
Gainera, sanikolas jaietako zenbait jarduera lekuz aldatu behar izan zituen udalak, eta beste batzuk bertan behera geratu ziren, San Nikolas eguneko pilota partidak eta Gozategiren kontzertua, esaterako –azken horrek badu fetxa berria, abenduaren 25a–. Bestalde, festetako azken egunetako ekitaldiak kiroldegian edo frontoian egitea erabaki zuen udalak, baita barrakak ixtea gutxienez astelehenera arte ere. Tiobiboetako langile batek Gukari azaldu dionez, udalak beste asteburu bat irekitzeko aukera eman die; hau da, abenduaren 13tik 15era zabalik egongo dira barrakak.
Zumaian, berriz, ostiraletik paol muturra itxi egin zuten gerta zitezkeen edozein arrisku egoera ekiditeko. Izan ere, bospasei metroko olatuak egongo zirela iragarri zuten. Gainera, denboraleak kalteak ere eragin zituen herrian zehar. Hala, bai hiriguneko, bai auzoetako zenbait zuhaitz errotik atera dituzte haizeteek. Itzurunen, berriz, kantinako panelak hautsi zituzten haize bolada bortitzek. Udaltzaingoaren arabera, hainbat trafiko seinale ere bota ditu haizeak.
Zarautzen ez da inzidentzia handirik izan, zuhaitz eta adarren batzuk erori diren arren.
Ekaitzak asteburuan ere nahiko eragin izan du Azpeitian. Larunbatean, haize bolada gogor batek kiroldegiko beirate bat puskatu zuen, eta kiroldegiko taberna itxita dago ordutik. Udalak adierazi duenez, udal teknikariak nola konpondu aztertzen ari dira, eta lehenbailehen konpontzea da haien asmoa.
Atzo, igandea, Loiolako Ignazio etorbidean ur putzu handiak sortu ziren eta denbora batez trafikoarentzako itxita egon zen. Eguerdi artean, Urbitarte auzoko garajeetara ura sartu zen eta zuhaitz bat edo beste erori ziren Oñatzen eta Antzibarrena kalean.