Euskalmetek alerta laranja ezarri du biharko, itsasaldeko arriskuagatik

Intza Trula 2024ko abenduaren 6a

Zumaiako barra itxita. (Zumaiako Udala)

Horren aurrean, Zumaian parolmuturra itxita egongo da bihartik, olatu handiek sortu ditzaketen arriskuak saihesteko. Orion, berriz, Antilla hondartzako malekoia itxita egongo da denboraleak irauten duen bitartean.

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatu du astebururako. Larunbatean, eguerdiko 12:00etatik gauerdira arte izango da neurria indarrean, bost metroko altuerako olatuak espero direlako zapatuko bigarren erdian. Aldi berean, abisu horiak ere aktibatuko ditu kostaldeko inpaktuagatik (12:00etatik 24:00etara bitartean), elurragatik barnealdean (18:00etatik 24:00etara bitartean), eurijasa iraunkorrengatik Kantauriko isurialdean (12:00etatik 24:00etara bitartean) eta haizeagatik Bizkaiko eta Gipuzkoako haizeguneetan (09:00etatik 24:00etara bitartean), bereziki itsasertzean.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, neguko lehenengo denboralea izango da, eta prezipitazio ugariak, iparraldeko haize gogorra, itsaso zakarra, hotza eta mendialdeetan elur ugari ekarriko ditu.

Neurriak Orion eta Zumaian

Horren aurrean, Zumaiako Udalak arretaz ibiltzea eskatu die herritarrei. Hala, parolmuturra bihartik itxita egongo da, olatu handiek sortu ditzaketen arriskuak saihesteko. Itsaso inguruko bestelako eremuetan ere arretaz jokatzea eskatu du, baita ere. 

Orion, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak emandako gomendioei jarraituz, Orioko Udaltzaingoak Antilla hondartzako malekoia itxiko du hainbat ordutan. Zehazki, itsasgorak direnean itxiko du pasealekua, hau da, goizean goizetik 10:00ak arte, eta arratsaldean, 18:00etatik igande goizera arte.

Orioko Udalak dei egiten die herritarrei udaltzainek emandako gomendioak eta ezarritako neurriak errespetatu ditzaten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide