Pasaiako hilketa matxista gaitzetsi dute Urola Kostako hainbat herritan

Intza Trula 2024ko abenduaren 3a

Igandean, Azpeitian eta Zestoan egin zituzten elkarretaratzeak; Azkoitian, Zumaian eta Zarautzen, berriz, atzo elkartu ziren. Orion gaur arratsalderako egin du deia Mugimendu Feministak: 19:00etan elkartuko dira, Herriko Plazan.

Larunbat arratsaldean bikotekide ohiak emakume bat hil zuren tiroz Pasaian (Gipuzkoa), eta hilketa hori salatzeko elkarretaratzeak egiten ari dira Urola Kostako zenbait herritan.

Urola Erdiko Itaiak deituta, Azkoitiko biribilguneetara atera ziren zenbait herritar atzo goizean, Indarkeria matxistaren aurrean antolatu lelopean. Azpeitian eta Zestoan igandean atera ziren plazara.

Zumaian, Mugimendu Feministak deituta, atzo arratsaldean dozenaka herritarrek egin zuen bat Saregile plazan, Matxismoak hiltzen gaitu. Aski da! zihoen pankartaren atzealdean.

Zarautzen ere atzo arratsaldean egin zuten elkarretaratzea: Emakumeon Mundu Martxak egindako deiari erantzunez, hainbat herritar elkartu zen Pasaiako hilketa matxista salatzeko, Lege Zaharren Enparantzan.

Gaur Orion

Orioko Mugimendu Feministak gaur arratsalderako egin du deialdia. Hain justu, 19:00etan izango da, Herriko Plazan.

Orioko Udalak bat egin du deialdiarekin: "Orioko Udalak ere sendo gaitzetsi nahi du hilketa, eta biktimaren gertukoei elkartasuna adierazi. Indarkeria martxistak ez du izan behar tokirik gure herrietan eta udalak lanean jarraituko du izugarrikeria horien kontrako borrokan", esan du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide