Valentzian (Herrialde Katalanak) joan den asteko denboraleak eragindako hondamendiari aurre egin nahian, material bilketak martxan dira han-hemenka, hango herritarrei laguntzeko asmoz. Dagoeneko bidali dituzte materialez betetako hainbat furgoneta herrialde horretara, baina beste batzuek produktuak jasotzen jarraitzen dute, eta interesa duten herritarrek horretarako aukera izango dute datozen egunetan ere. Diru bilketak ere jarri dituzte abian.
Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako gazte asanbladek, esaterako, gaur hasi dituzte oinarrizko produktu eta materialen bilketak. Azpeitian, herriko plazan jarriko dute mahaia; gaur eta hilaren 18an, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara bitartean; eta bihar eta hilaren 16an, 10:00etatik 13:00etara artean. Egun horietan laguntzeko boluntarioak behar dituzte han, eta horretarako Azpeitiko Gaztetxearekin jarri beharko da harremanetan edo Whatsapp talde honetara batu. Azkoitiko Gazte Asanbladak, berriz, aste honetan eta hurrengoan, Elkargunean bilduko du materiala; gaur 10:00etatik 20:00etara dira han, eta larunbatetan, 09:00etatik 15:00etara izango dira.Informazio gunea ere egokituko dute gaur, 17:00etatik 21:00etara, plazan. Zestoan, azkenik, udaletxe azpiko arkupetan elkartuko dira datozen bi asteetan; ostiraletan, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo dira han, eta larunbatetan, 10:00etatik 13:00etara.
Aizarnazabalen ere abian da janari eta material bilketa atzotik, eta Gaztetxeko kideek gaur ere jasoko dituzte produktuak Gaztetxe azpian, 17:00etatik 20:00etara artean: kontserba latak, esne brikak, ur botilak, esne-hautsa, maskotentzako pentsua, pixoihalak, komuneko papera, toailatxoak, konpresak, tanpoiak, txanpua, lixiba, palak, erratzak, baldeak, linternak, zabor poltsak, eskularruak eta abar jasoko dituzte.
Aizarnazabalgo Parrokiak, bere aldetik, kaltetuentzako diru bilketa egingo du datorren igandean, parrokian bertan.
Nahi adina aukera
Urola Kostako Kontseilu Sozialistak ere bere alea jarriko du Zumaian, eta material bilketa egingo du bihar Aita Mari auzategiko Etxape zentro sozialistan. 10:00etatik aurrera, higiene pertsonalerako produktuak, botikinerako sendagaiak, linternak, lo zakuak, musukoak, eskularruak eta bestelako gaiak jasoko dituzte.
Horrez gain, diru bilketa ere ari dira egiten Zumaian. Hango Caritasek azaldu duenez, "beraien egunerokoari aurre egiteko, dirutan laguntzea iruditu zaigu bide egokiena". Hala, diruz lagundu nahi dutenek ES84 2095 5174 91 1060984019 kontu korrontean egin ditzakete diru sarrerak. Kontzeptuan, Valentziarako dela jarri beharko dute. Gaineratu dute igande honetan San Pedro Parrokian egingo den diru bilketa ere Valentziako hondamendiko kaltetuentzako izango dela.
Caritasen deialdiarekin bat egin du Zumaiako Futbol Taldeak, eta gizonezkoen lehen taldeak igande arratsaldean (16:30ean, Aita Marin, Real Union B-ren aurka) jokatuko duen partidan bildutako dirua Caritasi emango dio Valentziako kaltetuei bidaltzeko.
Zarautzen, bestalde, Shelterren hasi zuten bilketa atzo, eta gaur 18:00etara arte eraman ahal izango da materiala. Horrez gainera, Hiruputzu gaztetxeak eta Danda Gazte Asanbladak biharko jarri dute hitzordua: 10:00etan egingo dute bilketa, Hiruputzun bertan. Honako produktuak eraman daitezke: katiuskak, higiene pertsonalerako produktuak, kaleen garbiketarako materiala, garbiketa produktuak, botiletan datorren ura...
Herritar talde bat ere elkartu da valentziarri laguntzeko, eta Zarauzko Udalak utzita, Santa Klara komentuko lokalean ari dira material bilketa egiten egunero, 10:30etik 12:30era eta 18:00etik 20:00era artean. Hain zuzen, Hiruputzun jasotzen dutena horiengana bideratuko dute.
Orion, azkenik, gaurtik igandera egingo dute bilketa, hango udalak, Iriki Begik eta Ostargi elkarteek antolatuta. Plazan jasoko dituzte produktuak, eta uretako botak, palak, ontziak, lanerako arropa eta mangerak bilduko dituzte. Botikak ere eskatu dituzte, hala nola, parazetamol, ibuprofenoa eta betadine. Arratsaldean hasiko dira bilketarekin, 17:30etik 19:30era bitartean; bihar, larunbata, 10:00etatik 12:00etara eta 18:00etatik 20:00etara bitartean izango dira; eta igandean, 10:00etatik 12:00etara bitartean. Bestalde, itsulapiko solidarioa ere jarriko dute herritarrek donazioak egin ditzaten, eta datozen egunetan bilketa gehiago behar izanez gero, beste deialdi bat egingo dutela jakinarazi dute.