Valentzian (Herrialde Katalanak) joan den asteko uholdeek kaltetutako herritarrei laguntzeko helburuarekin, diru eta material bilketa ari dira egiten egunotan eskualdeko hainbat herritan.
Azpeitiko Iraurgi ikastetxean, esaterako, dirua ari dira biltzen. Betharrametako eraikinean jarri dute kutxa, eta edozein herritarrek du diru ekarpena egiteko aukera. Bildutako dirua Gurutze Gorriari emango diote, hark Valentziara bideratu dezan.
Azpeitiko Batzokian, berriz, materiala ari dira jasotzen. EAJko kideek jakinarazi dutenez, herritarrak "laguntzeko gogoz" daude, eta Valentziara bidaltzeko "material ugari" ari dira jasotzen. Orain arte, gehienbat fardelak, musukoak eta norberaren zaintzarako produktuak jaso dituztela adierazi dute. Produktuak Batzokian bertan (Olazko Amaren plazan) ari dira biltzen, eta gaur arratsaldean ez ezik, bihar ere izango da hara materiala emateko aukera. Goizean 10:30etik 12:30era, eta arratsaldean 17:30etik 19:30era egongo da horretarako aukera.
Bestalde, Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako gazte asanbladek ere oinarrizko produktuak eta materialak bilduko dituzte datozen bi asteetan. Azpeitian, herriko plazan jarriko dute mahaia; azaroaren 8an eta 18an, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara bitartean; eta azaroaren 9an eta 16an, 10:00etatik 13:00etara artean. Egun horietan laguntzeko boluntarioak behar dituzte han, eta horretarako Azpeitiko Gaztetxearekin jarri beharko da harremanetan edo Whatsapp talde honetara batu. Azkoitiko Gazte Asanbladak, berriz, aste honetan eta hurrengoan, Elkargunean bilduko du materiala; ostegunetan eta ostiraletan, 10:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan, 09:00etatik 15:00etara. Zestoan, azkenik, udaletxe azpiko arkupetan elkartuko dira datozen bi asteetan; ostiraletan, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo dira han, eta larunbatetan, 10:00etatik 13:00etara.
Zumaian produktu zehatz bat jaso dute: katiuska altuak. Kaleak, eraikinak eta bestelako guneak garbitzen ari direnei eramango dizkiete. Atzo arratsaldean oinetako pare dezente jaso zituzten Kofradian, eta gaur 13:00ak bitarte aritu dira bilketa lanetan. Eusko Jaurlaritzako Larrialdietako Zuzendaritzak eskatuta egin dute bilketa. Oinetakoak Eudelen bitartez bidaliko dituzte gaur bertan Valentziara.
Horrez gain, Azpeitian bezala, diru bilketa ere ari dira egiten. Zumaiako Caritasek ohar bidez azaldu duenez, "beraien egunerokoari aurre egiteko, dirutan laguntzea iruditu zaigu bide egokiena". Hala, diruz lagundu nahi dutenek ES84 2095 5174 91 1060984019 kontu korrontean egin ditzakete diru sarrerak. Kontzeptuan, Valentziarako dela jarri beharko dute. Gaineratu dute igande honetan San Pedro Parrokian egingo den diru bilketa ere Valentziako hondamendiko kaltetuentzako izango dela.
Caritasen deialdiarekin bat egin du Zumaiako Futbol Taldeak, eta gizonezkoen lehen taldeak igande arratsaldean (16:30ean, Aita Marin, Real Union B-ren aurka) jokatuko duen partidan bildutako dirua Caritasi emango dio Valentziako kaltetuei bidaltzeko.
Zumaian baita ere, Urola Kostako Kontseilu Sozialistak deituta material bilketa egingo dute larunbatean, azaroaren 9an, 10:00etatik aurrera Etxape zentro sozialistan. Higiene pertsonalerako produktuak, botikinetarako sendagaiak, linternak, lo-zakuak, musukoak edota eskularruak eramanez kolaboratu daiteke.
Zarautzen Shelterren hasi dute bilketa gaur goizean, eta zehaztu dutenez, ostiralean 18:00etara arte eraman ahal izango da materiala. Horrez gainera, Hiruputzu gaztetxeak eta Danda Gazte Asanbladak larunbaterako jarri dute hitzordua. Hain zuzen ere, 10:00etan egingo dute bilketa, Hiruputzun bertan.
Aian, Izeta Sagardotegiak dagoeneko bete dute furgoneta bat, eta gaur bertan abiatuko dira Valentziara. Bilketaren arduradunaren esanetan, "produktuak ez ezik, diru laguntza asko" jaso dituzte herritarren partetik. "Jende asko hurbildu da laguntzera; ez genuen horrelako harrera espero, inondik inora ere". Herenegun egin zieten deialdia herritarrei sare sozialen bidez, eta atzo eta gaur aritu dira materiala biltzen. Asteburuan bigarren furgoneta bat bidaliko dute Valentziarantz.
Bestalde, Aizarnazabalen bihar eta etzi egingo dute janari eta material bilketa Gaztetxeko kideek. Besteren artean, kontserba latak, esne brikak, ur botilak, esne-hautsa, maskotentzako pentsua, pixoihalak, komuneko papera, toailatxoak, konpresak, tanpoiak, txanpuak, lixiba, palak, erratzak, baldeak, linternak, zabor poltsak, eskularruak eta abar jasko dituzte, Gaztetxearen azpian, 17:00etatik 20:00etara.