Boluntario izateko deialdi berezia egin du aurten Atzegik

Maialen Etxaniz 2024ko urriaren 25a

Agirre, Sasiain, E.Agiriano, Alkorta eta Mendizabal. (Maialen Etxaniz)

2024ko sentsibilizazio kanpaina aurkeztu du Atzegik Azpeitian eta Zarautzen. 55 urtetik gorako pertsonak boluntario egitera animatu dituzte aurten.

Orain duzu aukera leloarekin egingo du Atzegik 2024ko sentsibilizazio kanpaina, 55 urtetik gorako pertsonak boluntario egitera animatzeko helburuarekin. Asteazkenean aurkeztu zuten Gipuzkoa mailako kanpaina Donostian, eta arratsaldean Azpeitian eta Zarautzen egin zuten agerraldia. Aurkezpen horietan jakinarazi zituzten aurtengo deialdiaren nondik norakoak. Azpeitian, Atzegiko Aloña Agirrek eta Nerea Mendizabalek, Atzegiko nahiz Txolarteko erabiltzaile Eli Agirianok eta boluntario Irati Sasiainek parte hartu zuten; era berean, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea izan zen aurkezpenean, erakunde gisa kanpaina babesten. Zarautzen, berriz, Naroa Artola Atzegiko ordezkariak eman zituen azalpenak, eta Xabier Txurruka Zarauzko alkateak ere bertan izan zen.

Mendizabalek azaldu zuenez, "boluntarioak Atzegiren altxorra" dira; horregatik eskerrak eman zizkien boluntario guztiei. Era berean, gogoratu zuen Atzegiren sentsibilizazio kanpainak, gizartea sentsibilizatzeko ez ezik, erakundeei neurriak har ditzaten eskatzeko ere badirela. Txurrukak, bere aldetik, boluntario egitera animatu zituen zarauztar guztiak: "Ematen duzuna baino askoz ere gehiago jasotzen duzu Atzegiko boluntarioa izanda".

Boluntarioak, ezinbesteko

Kanpainaren mamia Agirrek azaldu zuen Azpeitian, eta Artolak egin zuen Zarautzen. Aurtengo kanpainaren helburua da 55 urtetik gorako pertsonak boluntariotzara gerturatzea. Hori dela eta, Atzegik azpimarratu du boluntariotza egiteko ez dela inolako prestakuntzarik behar, "denbora librea eta partekatzeko gogoa izatea besterik ez". Agirrek eta Artolak adierazi zutenez, Atzegin boluntariotza egiten duten pertsona gehienak gazteak eta ikasleak dira, baina azken urteetan beste adin tarte bateko pertsonak ere batu dira. "Hori dela eta, Atzegik fokua belaunaldi horretan jartzea erabaki du. Izan ere, belaunaldi horrek, oro har, denbora libre gehiago izan dezake eta ekarpen handia egin", adierazi zuen Agirrek.

Atzegiren kanpainaren aurkezpena, Zarautzen. (Mireia Galarza Bastida)
 

Era berean, hark gogoratu zuen, "boluntarioen laguntza behar duten jarduerak adimen desgaitasuna duten pertsonen bizi kalitatea hobetzera" zuzenduta daudela, batez ere aisialdian. "Jarduerak askotarikoak dira: taldeka edo banaka egin daitezke; dagoeneko antolatuta dauden jardueretan parte har dezakete, hala nola mendi irteeretan, futbolean edo txangoetan; baina bestelako planak ere izan daitezke, esaterako, kafe bat hartzea, erosketak egitera joatea edo paseo bat ematea", azaldu zuen Atzegiko kideak. Gainera, adimen desgaitasuna duten pertsonek adin bereko pertsonekin aisialdia partekatzeko aukera izatea bultzatu nahi dute, zaletasunak eta kezkak partekatzeko aukera izan dezaten. Artolak zehaztu zuenez, Atzegin urtean zehar egiten dituzten ekintzetan parte hartzen duten boluntarioak 350 baino gehiago dira, eta pertsona horiei guztiei esker "da posibile ekintza guztiak aurrera ateratzea".

Aisialdiaren garrantzia

Agirianok eta Sasiainek hartu zuten hitza gero Azpeitian. Agiriano Atzegiko eta Txolarteko erabiltzailea da duela hainbat urtetatik. Hark azaldu zuen Atzegik eskaintzen dituen askotariko zerbitzuetan parte hartzen duela, eta horiek guztiak "oso garrantzitsuak" direla. Gaur egun Iraurgi ikastetxean egiten du lan, eta "lana bilatzea oso garrantzitsua" izan zen bezala, beretzat aisialdirako guneak edukitzea "ezinbestekoa" dela esan zuen. Beraz, Txolarteko boluntarioen lana eskertu zuen. "Niretzako, Txolarte nire kuadrilla da; haiekin egiten ditut planak edo joaten naiz oporretara, eta ezinbestekoak dira nire aisialdian", azaldu zuen Agirianok.

Sasian zestoarra da, eta boluntario aritzen da Urola Erdian, Txolarte aisialdi taldean. Hark azaldu zuen, "eman baino, jaso gehiago" egin duela boluntario daraman denboran. "Ikasketa pertsonal ikaragarria izan da", adierazi zuen.

Boluntario izan nahi dutenek Atzegirekin harremanetan jarri behar dute haien bulegora bertaratuta edo 943-42 39 42 telefonora deituta.

Gipuzkoako eskualde guztietan aurkeztuko dute kanpaina, eta horren barruan aurreikusitako ekintze artean, Atzegiko familiek 4.000 kartel jarriko dituzte boluntariotza egiteko moduak erakusteko. Aurten, halaber, informazio-liburuxka bat eta bideo bat ere diseinatu dituzte.

Honakoa da sentsibilizazio kanpainaren bideoa:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide