Euriak hainbat arazo eragin ditu Zumaian eta Orion

Juan Luis Romatet - Mailo Oiarzabal 2024ko urr. 17a, 18:01

Zumaian putzu handia sortu da kale erdian Ardantzabiden eta trafikoa aldameneko espaloi eta bidegorrietatik bideratu du Udaltzaingoak; errioek gainezka ere egin dute, marea igotzean. Orion, berriz, argindarrik gabe gelditu dira herriko hainbat tokitan.

Euria etengabe ari da botatzen eskualdean goizaldetik, eta euri jasen arazoak eragin dituzte hainbat tokitan, bereziki Zumaian eta Orion.

Zumaian, bazkalondoan euri zaparrada bortitzak bota ditu eta, itsasgorarekin topo eginda, eragina izan du arratsaldeko lehen orduetan hainbat tokitan. Ardantzabiden, putzu handi bat sortu da parrokia azpitik Ardantzabideko igogailurako tartean. Arazoak saihestu nahian, autoen joan-etorria erregulatzeko erabakia hartu du Udaltzaingoak. Hala, Ardantzabidetik Amaiako plaza aldera joan behar zuten autoak BM supermerkatu pareko espaloitik bideratu dituzte; Ardantzabidera joan behar zutenak, berriz, San Telmo kalera desbideratu dituzte. Gainera, Urolak zein Narrondok gainezka egin dute, eta errioen ondoko kaleak eta pasealekuak ere hartu ditu urak.

Orion, berriz, argirik gabe gelditu dira herriko hainbat tokitan, eta horrela jarraitzen zuten albiste honen lehen bertsioa argitaratu den unean, baina 18:15 aldera itzuli da argia.

Argazkiak gaur arratsaldean zehar Zumaian hartutakoak dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide