Atzo arratsaldean berriro egin zituzten elkarretaratzeak Euskal Herriko hainbat herritan, indarkeria matxistaren aurrean aski dela esateko. Mugimendu Feministaren deiari erantzunez egin zuten protesta, eta eskualdean, Orion, Zarautzen eta Zumaian egin zituzten bilkurak. Izan ere, asteazken goizaldean 20 urteko emakume bat hil zuten Iruñeko Arrotxapea auzoko etxabe batean. Poliziaren arabera, emakumeak eztabaida izan zuen erasotzailearekin, eta horren ostean hainbat labankada eman zizkion bularraldean. Ospitalean hil zen.

Orion Herriko Plazan elkartu ziren herritarrak Indarkeria matxistaren aurrean aski da! Autodefentsa feminista lelopean, eta Zarautzen Lege Zaharren Enparantzan izan zen bilkura, Morroxkak taldeak, Bilgune Feministak eta Emakumeen Mundu Martxak deituta. "Urteak daramatzagu salatzen erasoak ez direla gertaera isolatuak. Indarkeria matxista egungo sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta koloniala sostengatzen duen egiturazko arazo politiko eta sozial larria dela azpimarratu nahi dugu berriz", esan zuen Koordinadora Feministak. Era berean, eraso bakoitzaren atzean maiz "egoera konplexuak" daudela esan zuen. "Horregatik da garrantzitsua indarkeria matxista lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartzea eta ertz guztiei erreparatzea".
Zumaian ere ohiko lekuan egin zuten elkarretaratzea, Saregile plazan, Mugimendu Feministak deituta, Matxismoak hiltzen gaitu, aski da! lelo hartuta.

Emakumeen Mundu Martxak salatu du indarkeria matxistak aurten Euskal Herrian hil duen bosgarren emakumea dela Iruñekoa.