Bertan behera geratu dira eskola kirolari lotutako gaurko jarduerak Gipuzkoan

Ane Olaizola 2024ko urr. 9a, 15:49

Zuhaitza erorita Aia eta Zarautz arteko errepidean. (Utzitakoa)

Haizearen eraginez, Eusko Jaurlaritzak alerta laranja ezarri du 18:00ak bitartean, eta prebentzio moduan, aldundiak bertan behera utzi ditu gaurko eskola kirol jarduerak. Haizeteak hainbat kalte eragin ditu eskualdean.

Haizearen eraginez, Eusko Jaurlaritzak alerta laranja ezarria du 18:00etara bitartean Gipuzkoan, eta prebentzio moduan, Gipuzkoako Foru Aldundiak bertan behera utzi ditu aire libreko eskola kirolari lotutako gaurko jarduera guztiak.

Haize denboraleak hainbat kalte eragin ditu azken orduetan han-hemenka, eta arazoak ere sortu ditu errepideetan. Aia eta Zarautz arteko errepidera zuhaitz bat erori da goizean, eta eguerdian, bigarren batek oztopatu du errepide bera, eta itxi egin dute errepidea. Goizeko zuhaitz erorketak, gainera, Lurraldebusen UK08 Zarautz>Aia>Orio linea etenarazi du, nahiz eta 10:30 alderako berriro martxan jarri duten.

Horrez gain, Aian igerilekuko eraikin berriaren tximinia eraitsi du haize bolada batek. Zorionez, gauean izan da erorketa, eta zauriturik ez du eragin ezbeharrak. Langileek arratsaldean amaitu dituzte txukunketa lanak, garabiaren laguntzarekin. Izan ere, 3,5 metro altuko zementuzko pieza izan da erori dena.

Aiako Udalak azaldu duenez, 130 kilometro orduko haizetea izan da erorketa eragin duena, "tximiniak mantenua egiteko hegoaldean daukan zulotik sartu eta zurrunbiloarekin, palanka efektua eginda". Tximinia handia da, eta bere orientazioak ere eragina izan du. Dena den, udalak gogorarazi du halako haizeteak ez direla ohikoak izaten.

Aiako igerilekuaren eraikinak tximinia zeukan tokia, zaku horiekin estalita gaur arratsaldean. (Onintza Lete Arrieta)

Zumaiako gune batzuetan ere kalteak eragin ditu haizeak bart: zuhaitz bat erori da Basusta inguruan, kanpinerako igoeran, eta bidea oztopatuta utzi du. Jadarreko igoeran ere beste zuhaitz bat bota du haizeak. Haize boladek moto batzuk ere bota ditu.

Era berean, Zumaia eta Zarautz arteko tren zerbitzua etenda egon da goizeko lehen orduetan, eta eguerdira artean, autobusez egin behar izan dituzte bidaiariek joan-etorriak. Orduek aurrera egin ahala arazoa konpondu dute eta bi herrien arteko zerbitzua berriro martxan jarri dute.

Halaber, zuhaitz bat erori da 17:00 aldera Zarauzko Araba kalean, eta errepidearen noranzko bat oztopatu du.

Zuhaitza erorita Araba kaleko errepidean. (Mireia Galarza Bastida)

 

Segurtasuna bermatzeko, bestalde, Azpeitiko Udalak 22:00etara Loiolako basilikaren inguruko lorategiak ixtea erabaki du.

Erlazionatuak

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide