Hilerokoari marra gorririk ez

Ihintza Elustondo 2024ko ira. 30a, 14:30

Hilerokoa desagertzeko modurik egongo balitz, zenbat pertsonak ezabatuko lukete beren bizitzatik? Ukaezina da hilerokoak konnotazio negatiboa izan duela eta duela, eta isiltasuna dela gai hori inguratzen duen errealitatea. Gero eta gehiago dira, ordea, bizitzaren seinale den odol jario horretaz hitz egin egin behar dela aldarrikatzen dutenak, tabua zena ahalduntzeko erreminta gisa baliatu nahi dutenak. Bide hori jorratzen ari dira Aiora Olaizola eta Jaione Gisasola hezitzaile menstrualak, eta Nagore Aizbitartek bere esperientzia kontatu du.

Baginatik odola kanporatzea. Horixe da hilerokoa izatea, hainbeste tabuz eta konnotazioz jositako errealitatea. Mundu honetan jaiotzen diren pertsonen erdiek, gutxi gorabehera, izango dute beren bizitzako une batean, gizakiak ugaltzen jarraituko badu, ezinbestekoa baita odola jariatzea; bizitzaren seinalea. Hain gauza naturala, funtsezkoa eta beharrezkoa izanagatik, zenbat isiltasun, zenbat beldur, zenbat nazka. "13 urteko neska baten beldurrik handiena eskolako aulkia odolez zikintzea da", esan du gaian aditua den batek. Hilerokoa etorri zaizula inori ez kontatzea, lagunei konpresak ezkutuan pasatzea edo gaiaz normaltasunez ez hitz egitea hilerokoa inguratzen duen  errealitatearen parte dira oraindik, baina gero eta gehiago dira isiltasun horrek kalte egiten duela uste dutenak, hilerokoari marra gorririk ez jartzeko lanean ari direnak. Tabua zena ahalduntzeko erreminta bilakatzea, etsaia zena lagun egitea; horixe gero eta jende gehiagok baliatu nahi duen bidea. 

Konbentzimendu horrekin ari dira lanean azken urteotan Jaione Gisasola (Eibar, Gipuzkoa, 1993) Zumaiako bizilaguna eta Aiora Olaizola (Azpeitia, 1993). Hezitzaile menstrualak dira biak; hau da, hilerokoaren gaineko hezitzaile lana egiten dute, interesa edo beharra duenari informazioa emanez. Askazi proiektuaren sortzailea da Gisasola, eta Begirada Berriak Instagram kontua du Olaizolak; horrez gain, biek ala biek hainbat ikastaro eman dituzte gaiaren inguruan. 

Zergatik murgildu ziren, baina, hilerokoaren munduan? Erantzun bera eman dute bi emakumeek: konturatu ziren ez zekitela gaiari buruz "ezer". Gaztetatik hileroko irregularrak izan ditu Gisasolak, eta antisorgailuak hartzea gomendatu zioten; horrela erregulatu zitzaion. Gerora, ebakuntza bat egin zioten obulutegi batean, eta hilerokoa moztu zitzaion. "Orduan minekin hasi nintzen, inork ez zidan azaltzen zerk eragiten zidan mina, ginekologoarengana joan eta dena ondo zegoela esaten zidan...". Orduan, bere kontura hasi zen gaiaz irakurtzen, ikastaroak egiten, konponbide bila. "Orduan konturatu nintzen ez nekiela ezer, ez hilerokoaz, ez zikloaz".

Gisasola bere bizipen pertsonalek eraman dute gaiz informatzera, gehiago jakin behar izatera. Olaizolak ez du aparteko arazorik izan hilerokoarekin, baina hari ere gaiaz gehiago jakiteko grina sortu zitzaion. "Lehen ez nion kasu gehiegirik egiten hilerokoari. Noiz jaisten zitzaidan apuntatzen nuen, eta mina izanez gero, ibuprofenoa hartzen nuen; halaxe eman nituen urteak". Konfinamendu garaia iritsi zenean, ordea, Zuriñe Hidalgo hilerokoaren gaia lantzen ari zela jakin zuen –erreferente bera aipatu du Gisasolak ere–, eta pixkanaka irakurtzen eta informazioa biltzen hasi zen, baita bere zikloa begiratzen ere. "Mundu liluragarri bat deskubritu nuen", esan du. 

Bidean zer deskubritu duten galdetuta, zikloan jarri dute arreta biek. "Emakumeak ziklikoak gara", diote. Zer esan nahi du, baina, horrek? Ziklo menstrualak lau fase dituela nabarmendu dute, eta horietan fisiologikoki emakumeen gorputza aldatzen bada ere, aldaketa emozionalak eta psikikoak ere izan ohi direla azaldu dute. Olaizola: "Hileroko batetik bestera dagoen denbora tartea da zikloa; pertsona batetik bestera ezberdina izan ohi da zikloaren iraupena, 24 eta 35 egun artekoa. Gizonen zikloa, berriz, 24 ordukoa da; goizean testosterona askorekin jaikitzen dira, eta egunean zehar kopurua jaisten joaten zaie. Eta hurrengo egunean berdin. Beraz, gizonak linealak dira". Emakumeen kasuan, hilerokoa etortzen zaien bizitzako sasoian honako lau fase hauek bizi ohi dituztela adierazi dute bi adituek: aurre obulazioa, obulazioa, aurre hilerokoa eta hilerokoa. Fase bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta horiek azaldu dituzte (ondoko orrialdean). Fase bakoitza, gainera, urtaro eta arketipo banarekin lotu du Olaizolak.

Norbere zikloa ezagutzea, "interesgarria"

Zikloaren lau faseak eta bakoitzaren ezaugarriak bien artean aletu dituzte, baina argi utzi dute pertsona guztien zikloak ezberdinak direla, baita norberaren zikloak ezberdinak izan daitezkeela ere denboran zehar. 

Baina, oro har, heziketa menstrualean adituak direnek lau fase horiek bereizten dituzte, eta Gisasolak uste du horiek ezagutzeak norbere burua ezagutzeko balio dezakeela. "Askotan, zerbait negatibo bezala ikusten ditugu emakumeok ziklo batean zehar izan ohi ditugun aldaketa emozionalak, baina fase bakoitzaren ezaugarriak ezagutzeak gure burua ulertzeko balio du. Gizartea lineala den arren, gu ziklikoak gara, eta hori ezagutu eta horrekin bizitzen ikasi behar dugu". Zertaz ari den hobeto ulertzeko, adibide bat jarri du: "Selektibitatea egiteko garaian, esaterako, hilerokoarekin dagoenaren edo obulatzen ari denaren kontzentratzeko gaitasuna ez da berdina izango. Selektibitatea egin behar badugu, egin egin beharko dugu, baina beste kasu batzuetan, adibidez, antola gaitezke. Lan bat egin behar badut eta entrega egunean hilerokoa tokatuko zaidala baldin badakit, aurreratu dezaket, badakidalako gero atseden gehiago beharko dudala".

Bat dator horretan Olaizola. "Fase bakoitzean gaitasun ezberdinak ditugu, eta horiek aprobetxatzea oso interesgarria izan daiteke. Obulazio garaia bileretarako oso ona da, adibidez, kanpora begira gaudelako, jariakortasunarekin hitz egiten dugulako... Aurre obulazioan kirola egiteko prestatuago gaude, zuzenketak egiteko ere bai... Aurre hilerokoan sorkuntzarako gaitasuna izan ohi dugu, sentiberago egon ohi gara...". Gisasolak beste pare bat adibide jarri ditu: "Hilerokoa etorri aurretik etxea garbitzeko joera izaten dugu batzuk, beste fase batzuetan gehiago eztabaidatu ohi dugu ingurukoekin...". Hark uste du garrantzitsua dela hormonek eragin egiten dutela ulertzea, gutxiago epaitzeko norbere burua. "Behean egoten ere jakin egin behar da gero gora igotzeko. Gorabehera horiek izango ez bagenitu, 
linealak izango ginateke".

Dena den, Olaizolak adierazi du horrek ez duela esan nahi hilerokoa izateko sasoian dauden pertsona guztiek fase bakoitzeko ezaugarriak zehatz-mehatz horrela direla sentitu behar dutenik. "Aberasgarriena eta interesgarriena da norbera bere zikloari begira jartzea eta ondorioak ateratzea, jakiteko fase bakoitza zertarako den egokia eta nola gauden aldi bakoitzean". Hark uste du norbere zikloa ezagutzeak onura pila bat dakartzala: "Fisikoki, emozionalki eta mentalki hobeto funtzionatzeko aukera ematen digu. Fase bakoitzean nola gauden ulertzean, geure burua beste era 
batera tratatzen dugu". Zikloaren gaineko informazioa izateak bere "ziklikotasunarekin adiskidetzen" lagundu diola azpimarratu du. "Egun batean oso sentibera baldin banago, badakit aurre hileroko fasean nagoelako dela eta normala dela. Emozio bakoitzari bere tokia egiten eta onartzen lagundu dit ziklikoa naizela jakiteak", esan du.

Olaizolak, gainera, agenda zikloaren arabera moldatu ohi du: "Adibidez, badakit gutxi gorabehera noiz etorriko zaidan hilerokoa, eta egun horretarako bazkari edo afari bat proposatzen baldin badidate, ez naiz joaten; ez nagoelako horretarako. Badakit nire gorputzak zikloaren lehen egunean atsedena behar duela, eta ez nagoela jendearekin elkartu eta sozializatzeko.

Egun horretan nire kobazuloan egotea behar izaten dut", adierazi du. Hori bai, badaki ez dela posible agenda beti zikloaren arabera moldatzea. "Noski, gizarte honek ez dizu baimentzen zure zikloaren arabera bizitzea, gizonek eta gizonentzat prestatuta dagoelako sistema. Ezin duzu hilerokoa jaitsi zaizulako eta gorputzak kobazuloan murgiltzea eskatzen dizulako lanera joan gabe gelditu". Izan ere, egungoa "produkziora bideratutako gizartea" dela erantsi du Gisasolak. 

"Mina izatea ez da normala"

Mina; horixe da hilerokoari lotuta bati baino gehiagori burura etorriko zaion lehen gauza. Izan ere, asko eta asko dira hilerokoarekin mina pasatzen duten emakumeak. "Daturik ez daukat esku artean, baina ziur esan dezaket asko eta asko direla. Irakaslea naiz, eta ikasle batzuk eskolara etorri gabe egoten dira, minez, eta beste askok, pilula mordoa hartzen dituzte", dio Gisasolak. Hilerokoak min ematea ez dela "normala" adierazi du, eta Olaizolak atsegin duen esaldi bat aipatu du: "Hilerokoak ez luke minik eman behar, baina min ematen du. Mina ez da normala, baina normalizatuta dago". 

Mina "oso normalizatuta" dagoen arren, min horren atzean "zerbait" dagoela nabarmendu dute bi hezitzaile menstrualek. Hilerokoa "bizitzaren seinale" dela azpimarratu du Olaizolak, bihotz taupadak edo presio arteriala diren moduan. "Ondo ez bazaude, medikuarenera joan eta bihotza edo presio arteriala begiratuko dizkizute, baina ez dizute galdetuko ziklo menstrualaz. Uste dut jendea ez dela kontziente hilerokoa bizitzaren seinaleetako bat dela, eta zerbait gaizki badoa, ez dela normala. Hilerokoak min ematen badu, bandera gorri bat da". 

Gisasolak mina eragin dezaketen zenbait faktore aipatu ditu: "Gauza asko izan daitezke. Agian, intolerantziaren bat daukazu, edo zure bizi ohiturak aldatzea nahikoa da, edo erabiltzen dituzun produktuak –tanpoia, adibidez– ez dira egokienak, zerbait emozionala izan daiteke, zure zikloarekin daukazun harremana ez da egokia, elikadura, estresa, gaixotasunak ere izan daitezke...". Asko izan daitezke minaren eragileak, baina Olaizolak bi motatako minak bereizi ditu: inflamazioak eragindakoak eta patologiak eragindakoak. Mina gaixotasunen batek eragindakoa den kasuetan, diagnostikatzea kostatu egiten dela nabarmendu du Gisasolak: "Mina hain normaltzat hartzen denez, horrek gaixotasunak diagnostikatzea zaildu egiten du; endometriosia, esaterako. Gaitz horren kasuan, endometrio zelulen antzekoak uterotik kanpo garatzen hasten dira, eta horrek mina ematen du. Ez da txorakeria bat. Baina mina normalizatuta daukagunez, jendea ez da joaten medikuarenera, eta medikuarenera joanda ere, esango dizu normala dela mina izatea". 

Endometriosia edo beste hainbat gaitz izan daitezke minaren eragileak, baina Olaizolaren arabera, "ohikoena" inflamazioak eragindako mina da. "Hilerokoak ez luke minik eman behar, baina prozesu inflamatorio bat da, eta horregatik, molestia senti dezakezu; hori izango litzateke normala, erremedio naturalekin kontrolatzeko moduko molestia izatea". Dena den, inflamazioak eragindako mina den kasuetan ere, jende askok "min handia" izaten duela nabarmendu du, eta hori azaltzeko, prostaglandina konposatuak aipatu ditu: "Prostaglandina izeneko konposatu batzuk dauzkagu gorputzean, eta horiek beharrezkoak dira, hainbat funtzio betetzen dituztelako. Baina arazoa noiz sortzen da? Prostaglandina gehiegi daukagunean". Hori tratatzeko, estrogenoen eta progesteronaren artean oreka mantendu behar dela dio, eta horretarako, zazpi pilare aipatu ditu (ondoko orrialdean). "Zazpi pilare hauek zenbat eta hobeto kudeatu, orduan eta ziklo menstrual osasuntsuagoa izango duzu". 

Etsaia lagun

Mitoak, uste faltsuak... Ukaezina da hilerokoak konnotazio negatiboa izan duela eta duela, eta horretan arreta jarri nahi izan du Olaizolak. "Ea zenbat pertsona dauden norbere zikloa positiboki bizi dutenak. Hilerokoa desagertzeko pilula bat existituko balitz, zenbat pertsonak hartuko lukete? Gehienek, seguru. Txikitatik negatiboki bizi dugu, mina normalizatuta dago, odola botatzen duzu, zikindu egiten duzu... Zer alde positibo dauzka hilerokoak?", egin du galdera. Konnotazio negatibo horiek alboratu eta zikloa positiboki bizitzeko gonbita egin du; herritarrak ziklikotasunarekin adiskidetzera animatu ditu. "Uste dut ezjakintasuna dela daukagun etsairik handiena".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide