Samieletako ospakizunek zipriztinduko dute eskualdea

Mailo Oiarzabal 2024ko ira. 27a, 13:00

Gaztetxoak bertsotan, iaz, Aizarnazabalgo txupinazoan. (Ihintza Elustondo)

Aizarnazabalen, Zarauzko Itxasmendin, Zumaiako Artadin eta Aiako Laurgainen festa ekitaldiz betetako asteburua dute aurretik. Txupinazoen eguna da gaurkoa.

Igandean, irailaren 29an, San Miel eguna izango da, eta santu horren omenezko festarik ez da faltako aurten ere Urola Kostako herrietan. Hain zuzen ere, lau tokitan ospatuko dituzte samielak: Aizarnazabalen, Zarauzko Itxasmendin, Zumaiako Artadin eta Aiako Laurgainen.

Aizarnazabalen eta Itxasmendin gaur botako dituzte jaien hasierako txupinazoak eta igande iluntzera arte jarraituko dute festan, baina Aizarnazabalen aurretik hasiko dira. Jai giroko bigarren asteburua izango dute jarraian herrian, Euskal Jai egunaren bueltan ospakizunak izan baitzituzten aurrekoan ere. Gaur, umeek estreinatuko dituzte festak: goiz eta arratsaldez haientzako jolasak eta puzgarriak martxan izango dituzte, baita txokolate jana ere, arratsaldean. Txupinazoa 19:30ean botako dute udaletxeko balkoitik, eta ekitaldi horretan ere nabarmenduko dira Aizarnazabalgo gaztetxoak, bertso eskolakoek girotuko baitute.

Laurgainen gaur eta igandean dituzte ospakizunak, eta Artadin bihar eta etzi.

Autobus zerbitzuak

Aizarnazabalgo zein Artadiko jaiak direla-eta autobus zerbitzu bereziak iragarri dituzte.

Larunbat gauean jarriko ditu Lurraldebusek Aizarnazabalgo samieletara joan-etorria egin nahi dutenentzat autobusak, Zestoatik eta Zumaiatik. Zumaia-Aizarnazabal linearen kasuan, autobusa Zumaiako tren geltokitik irtengo da 22:00etan, eta ondoren Patxita Etxezarretako autobus geltokian egingo du geldialdia, Aizarnazabalerako bidea hartu aurretik. Zumaiara itzultzeko autobusa, berriz, 03:30ean irtengo da Aizarnazabaldik. Zestoa-Aizarnazabal lineako autobusa, berriz, 22:30ean irtengo da Zestoatik, eta 03:00etan irtengo da Aizarnazabaldik Zestoara itzultzeko zerbitzu berezia.

Zumaiatik Artadira festara igo nahi dutenek ere eskura izango dituzte autobusak bihar eta etzi. Larunbatean, 11:00etan, 16:00etan, 18:45ean eta 20:15ean irtengo dira autobusak Zumaiatik Artadira joateko; arratsaldeko azken bi autobusek Artaditik Zumaiara jaisteko zerbitzua ere eskainiko dute jarraian, eta 16:00etan ere izango da Artadi-Zumaia zerbitzua. Igandean, bi autobus jarriko dituzte Zumaiatik Artadira (10:30ean eta 15:45ean), eta beste bi Artaditik Zumaiara (14:00etan eta 19:00etan).

Hona hemen egitarauak, osorik:

  • Aizarnazabal.
    • Gaur, ostirala. Umeen Eguna.
      • 10:30-13:00 / 15:30-17:00. Puzgarriak eta ume jolasak.
        • Jarraian, txokolate jana.
      • 19:30. Txupinazoa, bertso eskolako umeek girotuta.
      • 21:00. Herri afaria, Ollokiegik girotuta.
      • 00:00. Bollywood konpartsa.
      • 00:30. Laket taldearekin berbena.

    • Bihar, larunbata.
      • 11:30. XIV. Joxe Larrarte memoriala, eskuz binaka lau eta erdian. Emakumeak: Ruiz de Infante eta Agirre, Barrokalen eta Mujikaren aurka. Gizonak: Olaizola eta Agirre, Sasiainen eta Alonsoren aurka.
      • 16:30. Gazta tarta lehiaketa, Gaztetxokoko kideen eskutik.
      • 17:00. XVIII. Mus eta Eskoba Txapelketa.
      • 18:30. Legea gu gara kale antzerkia.
      • 19:30. Matraka elektrotxaranga.
      • 22:30. Kontzertuak: Sarean eta Gozategi.
        • Ondoren, Davila DJa.

    • Etzi, igandea. San Miel Eguna.
      • 12:00. Meza nagusia.
      • 12:00. 38. Sagardo Lehiaketa eta Bolo Txapelketa, Alaitsu dantza eskolak musikatuta.
      • 18:00. Herri kirolak. Jesus Iruretagoiena Izeta III.ari eta eta Joseba Ostolazari agurra. Bi omenduek 100 kiloko kopari 100 jasoaldi egingo dizkiote, bien artean. Izeta eta Ostolaza eskoletako gaztetxoek erakustaldia egingo dute, eta Xiete harria plazaratuko dute, nahi duenak proba dezan.
        • Ondoren, afariarekin borobilduko dute omenaldia.
      • 19:30. Los Cazahuetes mariatxiekin dantzaldia.

  • Itxasmendi (Zarautz).
    • Gaur, ostirala.
      • 18:30. Txupinazoa, eta haurren eta helduen danborrada, Alfa auzo elkartetik abiatuta.
      • 19:00. Pintxo-poteoa eta parrillada, karpan.
      • 20:00. Kalejira, Pasai txarangarekin.
      • 22:30. Kontzertuak: Kokein eta Eraso.
        • Ondoren, Davila DJa.

    • Bihar, larunbata.
      • 09:00. Diana.
      • 10:00. Tenis txapelketaren finalak.
      • 10:00-12:00. Haurren txokoa: marrazki lehiaketa, kamisetak margotzeko tailerra eta eskulanak, Alfa auzo elkartean.
      • 11:00. Hirukoen txapelketa. Izen ematea: saskibaloi kantxan, 10:30ean.
      • 12:00. Auzo elkartetik Itxasmendira kalejira, trikitilariekin eta buruhandiekin.
      • 12:00-14:00. Triki-poteoa.
      • 14:30. Auzo bazkaria.
      • 17:00. Krosa.
      • 17:30. 12 eta 16 urte bitartekoentzako ekintzak Haize Orratz gaztelekuaren eskutik, saskibaloi kantxan.
      • 18:00. Txokolate jana, Alfa auzo elkartean.
      • 18:30. Kalejira Zarauzko erraldoiekin eta buruhandiekin, eta Zarauzko eta Urrestillako erraldoi txikiekin.
      • 19:30-21:30. Haur zein gazteentzat Jon DJa eta parrillada.
      • 22:00. Bide Batez taldearekin, erromeria.
      • 01:00-03:30. Bon DJa.

    • Etzi, igandea.
      • 09:00. Diana.
      • 10:00. Toka txapelketa.
      • 10:00. Pala egokituko finalak.
      • 10:30-13:00. Puzgarriak.
      • 10:30. Itxasmendi Bihotzez martxa solidarioa.
      • 11:30. Itxasmendi Bihotzez lasterketa solidarioa.
      • 12:00. Patata tortilla lehiaketa eta parrillada. Tortillak 12:00etatik 13:00etara bitartean aurkeztu beharko dira karpan.
      • 12:15. Itxasmendi Bihotzez lasterketaren sari banaketa.
      • 12:45. Halterofilia erakustaldia.
      • 14:00. Patata tortilla txapelketaren sari banaketa.
      • 15:00-16:30. Puzgarriak.
      • 16:00-17:00. Jalgi dantza taldearen erakustaldia.
      • 17:00-19:00. Intxausti eta Larrañagarekin, erromeria.
      • 19:00. Jaien amaiera.

  • Artadi (Zumaia).
    • Bihar, larunbata.
      • 11:00. Txupinazoa.
      • 11:30. Haur eta gaztetxoen jolasak (herri kirolak).
      • 12:00. Puzgarriak eta trikitilariak: Izer eta Alabier.
      • 14:00. Jubilatuen bazkaria.
      • 17:30. Puzgarriak eta apar festa.
      • 19:00. Sagardo dastaketa, Izer eta Alabier trikitilariek girotuta.
      • 20:30. Bertso afaria, Aitor Mendiluzerekin eta Oihana Iguaranekin.

    • Etzi, igandea. Mikel Deunaren Eguna.
      • 11:00. Meza nagusia.
      • 12:00. Afizionatuen lehen mailako esku pilota partidak: Iker Egiguren-Ander Garmendia vs Eñaut Lizeaga-Unai Albeniz.
      • 13:00. Bertsolariak: Amets Arzallus eta Andoni Egaña. Trikitilariak: Ostolaza eta Andonegi.
      • 16:00. Pottokak (Arno). 17:00. Herri kirolak: Izeta V.a, Izeta IV.a eta Goizeder, harri jasotzen eta aizkoran.
        • Ondoren, bertsolariak eta trikitilariak.

  • Laurgain (Aia).
    • Gaur, ostirala.
      • 21:00. Auzo afari herrikoia, Atseden Toki elkartean.
        • Afalostean, erromeria, Izer eta Alabier trikitilarien eskutik.

    • Etzi, igandea.
      • 10:30. San Miel meza.
        • Jarraian, hamaiketakoa eta herri kirol erakustaldia, Laja eta Narbaiza trikitilariek girotuta.
      • 18:00-21:00. Erromeria, Laja eta Narbaizaren eskutik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide