Gipuzkoako Kopako aurreneko kanporaketak jokatuko dituzte eskualdeko areto futbol taldeek

Andoni Elduaien 2024ko irailaren 20a

Azkoitiko Tta-kunek eta Izarraitzek, Azpeitiko Galaktikek eta Zarauzko Zarautz Gran Camping taldeek parte hartuko dute aurtengo kopa txapelketan. Gaur dituzte lau taldeek lehen kanporaketako partidak.

Gaur, ostirala, abiatuko da areto futboleko Gipuzkoako Kopa txapelketa, eta Urola Kosta eskualdeak lau ordezkari izango ditu bertan: Azkoitiko Tta-kun eta Izarraitz, Azpeitiko Galaktik eta Zarauzko Zarautz Gran Camping taldeak. Guztira, 24 talde lehiatuko dira aurtengo kopan, eta gaur hasita aurreneko kanporaketak jokatuko dituzte; hamabi taldek lortuko dute aurrera egitea.

Azkoitiko Tta-kun taldeak, aurten Gipuzkoako Lehen Mailan arituko denak, Herrikide Garaje Tolosa taldea izango du gaur aurkari Azkoitiko Elkargunean, 21:45ean. Izarraitz taldea da Azkoitiko beste ordezkaria —Gipuzkoako Hirugarren Mailan jokatuko dute beste urte batez—, eta haiek Lauburu KE Ibarra izango dute aurrean. Etxetik kanpo, Ibarrako (Gipuzkoa) Belabieta kiroldegian, jokatuko dute partida 20:30etik aurrera.

Azpeitiko Galaktikek eta Zarauzko Zarautz Gran Campinek, berriz, elkarren aurka neurtu beharko dituzte indarrak. 20:30etik aurrera, Azpeitiko kiroldegian ariko dira Azpeitikoak eta Zarauzkoak nor baino nor gehiago. Bi taldeek Gipuzkoako Bigarren Mailan jokatuko dute denboraldi berria; izan ere, Galaktikek maila igoera lortu zuen aurreko denboraldian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide