Eskualdeko hainbat herritan irmo gaitzesi dute Bilboko hilketa matxista

Aitziber Arzallus 2024ko ira. 14a, 14:06

Urola Erdiko Itaiak, Urola Kostakoak, Zumaiako Mugimendu Feministak, Zarauzko Mugimendu Feministak eta Orioko Mugimendu Feministak deituta, Bilboko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte Azkoitian, Azpeitian, Orion, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian.

Urola Erdiko Itaiak, Urola Kostakoak, Zumaiako Mugimendu Feministak, Zarauzko Mugimendu Feministak eta Orioko Mugimendu Feministak deituta, Bilbon herenegun izandako hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte Azkoitian, Azpeitian, Orion, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian, atzo arratsaldean batzuk, eta gaur goizean besteak.

Indarkeria matxistaren aurka antolatzearen beharra azpimarratu dute Itaiako kideek Azkoitian, Azpeitian, Zestoan eta Zarautzen egindako bilkuretan, eta aski dela aldarrikatu dute Zarautzen, Zumaian eta Orion bilgune eta mugimendu feministak deitutako protestetan.

Zarautzen, Feministek biktimei sinisten dietela esanez eta autodefentsa feminista aldarrikatuz amaitu dute hitzartzea, eta hilaren 24rako deialdia egin dute gero: Gaztelekuan batzar feminista egingo dute, 18:00etan, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte han parte hartzera, "gertatzen ari den guztiari elkarrekin erantzun bat emateko eta elkargune bat sortzeko".

Herenegun hil zuten emakume bat Bilbon, eta haren bikotekidea atxilotu zuen Ertzaintzak, hiltzailea delakoan. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera, bikotea bizi zen etxebizitzan izan zen hilketa. Bizilagunek larrialdi zerbitzuetara jo zuten etxebizitzan oihuak entzun zituztelako, eta zerbitzuok iritsi zirenean, emakumea arma zuriz zaurituta aurkitu zuten. Lekuan bertan hil zen, zaurien ondorioz. Biktimak 31 urte zituen, eta haren bikotekideak 34 urte ditu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide