Elkarretaratzeak deitu dituzte Bilboko hilketa matxista salatzeko

Ane Olaizola 2024ko ira. 12a, 15:52

Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratze bat Zestoan.

31 urteko emakume bat hil du ustez haren bikotekideak bart Bilbon, eta hilketa salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte datozen egunetan Urola Kostako hainbat herritan. Udalek "irmo" gaitzetsi dute hilketa.

Emakume bat hil dute bart Bilbon, eta haren bikotekidea atxilotu du Ertzaintzak, hiltzailea delakoan. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera, bikotea bizi zen etxebizitzan izan da hilketa. Bizilagunek larrialdi zerbitzuetara jo dute etxebizitzan oihuak entzuten zirelako, eta zerbitzuok iritsi direnean, emakumea arma zuriz zaurituta aurkitu dute. Lekuan bertan hil da, zaurien ondorioz. Biktimak 31 urte zituen, eta haren bikotekideak 34 urte ditu.

Hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak antolatu dituzte datozen egunetarako Urola Kostan: Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan Itaiak bihar arratsalderako prestatu ditu elkarretaratzeak: hiruretan 19:00etan hasiko dira mobilizazioak, plazan. Zarauzko Bilgune Feministak, Morroxkak taldeak Emakumeen Mundu Martxak, berriz, larunbaterako deitu du elkarretaratzea: 12:00etan elkartuko dira, udaletxe azpian. Zumaian, bestalde, hango bihar izango da protesta, 19:00etan, Saregile plaza, Zumaiako Mugimendu Feministaren eskutik. 

Erreakzio sorta eragin du Bilboko hilketak, eta Urola Kostako hainbat udalek ere "irmo" gaitzetsi dute gertatutakoa. Azkoitiko eta Azpeitiko udalek, esaterako, ohar bana argitaratu dute hilketa matxista salatzeko eta elkartasuna adierazteko biktimaren gertukoei. "Giza eskubideen urraketa larri eta onartezin" horren aurrean, erakundeek mobilizazioekin bat egin dute, eta dei egin die herritarrei horietan parte hartzera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide