Hurrengo asteburuan hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

Mailo Oiarzabal 2024ko ira. 6a, 11:26

Apotzagan atzoko aurkezpen ekitaldirako elkartutakoak. (Bertsoa.eus)

Eskualdeko hamar bertsolarik parte hartuko dute lehian, sei final zortzirenetan banatuta, eta txapelketaren hiru saio egingo dituzte Urola Kostan: azken fnal zortzirena Azpeitian, urriaren 5ean; hirugarren final laurdena Azkoitian, urriaren 26an; eta bigarren finalaurrekoa Zarautzen, azaroaren 24an.

Ospakizun giroan eta bertso eskolen lana aitortuz aurkeztuz egin zuten atzo Eskoriatzako Apotzagan 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren aurkezpena. Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea amaitu eta handik gutxira, parte hartuko zuten bertsolari guztien izenak jakin ondoren, ekainean aurkeztu zituzten txapelketaren hainbat jakingarri: txapelketaren egitura bera, saioen datak eta horien egoitzak... Atzo, txapelketan ariko diren hainbat bertsolari, gai jartzaile, epaile, babesle zein Debagoieneko bertso eskoletan dabiltzan gazteak elkartu zituen ekitaldian, aurtengo txapelketaren sintonia –Trigger musikariaren sorkuntza– eta berritasun nagusia aurkeztu zituzten. 25 urtetik beherako txapelketako bertsolari onenari saria emango diote aurten finalaren egunean, abenduaren 14an, Donostiako Ilunben, eta hori izango da 2024ko txapelketaren berrikuntza. 48 parte hartzaileetatik hamar dira sari hori irabazteko hautagaiak.

Eta hamar dira, halaber, datorren asteburutik Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan lehiatuko diren Urola Kostako bertsolariak: Eneritz Artetxe eta Unai Izagirre azkoitiarrak; Jon Gurrutxaga eta Oier Etxeberria azpeitiarrak; Libe Goenaga getariarra; Iñigo Mantzizidor Mantxi, Aner Peritz Euzkitze, Julen Zulaika eta Oier Aizpurua zarauztarrak; eta Aitor Salegi zestoarra. Goenagak eta Mantxik aurreko txapelketan lortu zuten aurtengoan aritzeko txartela; beste zortziak, berriz, Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasetik datoz.

Txapelketaren saio guztiak, finala barne, 17:00etan hasiko dira. Eskualdeko hamar bertsolariak sei saiotan banatuta lehiatuko dira final laurdenetarako txartelen bila. Hona hemen, bakoitza zer saiotan ariko den:

Irailak 14, Urretxu (Labeaga aretoa)

  • Jon Gurrutxaga, Andoni Rekondo, Ane Zuazubiskar, Antton Aizpurua, Mikel Iturriotz, Una Mendizabal.

Irailak 15, Lasarte-Oria (Manuel Lekuona kultur etxea)

  • Iñigo Mantzizidor Mantxi, Aner Peritz Euzkitze, Oier Etxeberria, Aitor Zubikarai, Amaia Iturriotz, Manu Goiogana.

Irailak 21, Lazkao (Areria aretoa)

  • Julen Zulaika, Beñat Iguaran, Gorka Maiz, Iban Urdangarin, Iñigo Gorostarzu, Oihana Arana.

Irailak 22, Elgoibar (Herriko Antzokia)

  • Libe Goenaga, Unai Izagirre, Eli Pagola, Eneko Araiztegi, Iñaki Apalategi, Uxue Fernandez.

Irailak 28, Hondarribia (Itxas Etxea auditorioa)

  • Eneritz Artetxe, Oier Aizpurua, Ane Beloki, Aratz Igartzabal, Maddi Aiestaran, Unai Gaztelumendi.

Irailak 29, Andoain (Bastero kulturgunea)

  • Aitor Salegi, Andoni Mujika, Endika Igarzabal, Eñaut Martikorena, June Aiestaran, Manex Mujika.

Urola Kostako beste sei lagunek eta parte hartuko dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan: Haritz Alberdi azkoitiarrak, Uxune Areizaga getariarrak, Jon Zaldua Zarauzko bizilagunak eta Iban Narbaiza zumaiarrak gai jartzen; eta Oihana Aranguren azpeitiarrak eta Unai Muniain zarauztarrak epaile lanetan.

Hiru saio eskualdean

Zazpigarren eta azken final zortzirena da Azpeitian jokatuko dena, eta Urola Kostako bertsolaririk izango ez duen bakarra ere bai. Aitor Tatiegik, Asier Azpirozek, German Urteagak, Haizea Aranak, Maialen Akizuk eta Maider Arregik kantatuko dute Soreasu antzokian, urriaren 5ean.

Final laurdenak bost saiotan banatuta jokatuko dituzte, eta horietan sartuko dira lehian aurreko ediziotik sailkatutako bertsolariak. Hirugarren final laurdenetakoa Azkoitian jokatuko dute, urriaren 26an, Baztartxo antzokian; final zortzirenetatik iritsiko direnen zain, Ane Labakak Baztartxoko saioan egingo du aurtengo bere lehen agerraldia.

Finalaurrekoak, berriz, hiru saiotan banatuta jokatuko dituzte, eta horietatik bigarrena, azaroaren 24an, Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian izango da.

Saio guztietarako sarrerak salgai daude Bertsosarrerak.eus webgunean. Bertsozale Elkarteko bazkideek eta gazteek prezio berezia izango dute sarreretan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide