Libe Arruabarrena eskubaloi jokalari oriotarra eta Andrea Saez zumaiarra munduko txapeldunak dira. Gaur, igandea, gazte mailako Munduko Eskubaloi Txapelketako finala jokatu dute, Txinan. Espainiako selekzioarekin aritu dira eskualdeko bi lagunak abuztuaren erdiaz geroztik, eta gaur amaitu dute txapelketa, Danimarkaren aurkako finala 22 eta 23 irabazita. Hori horrela, emakumeen Espainiako selekzioak aurreneko aldiz lortu du gazte mailako txapelketa irabaztea.
Aurrean, baina aurkari zaila zuten Arruabarrenak eta Saezek; izan ere, Danimarkako selekzioak hiru bider irabazi du gazte mailan Munduko Eskubaloi Txapelketa, azken biak, gainera, jarraian. Arruabarrenak ez du lortu gaur ere aurkariaren atea zulatzerik, eta Saez atezaina ez du deitu Cristina Cabeza hautatzaileak gaurko partidara.
Hein handi batean, bigarren zatian defentsan zein erasoan egindako lan bikainari esker lortu dute Urola Kosta eskualdeko bi eskubaloi jokalariek urrezko domina. Atsedenaldira iritsi baino zortzi minutu lehenago bost goleko desabantaila zuen Espainiak (11-6), baina aldageletatik itzuli direnean, pixkanaka-pixkanaka iraultzen hasi dira neurketa. Markagailuan 11-9 hurbildu da Espainiako selekzioa, baina danimarkarrek beste bi gol eginda, eten egin dute aurkariaren bolada ona.
Defentsako lanean oinarrituta etorri da, ordea, Espainiako selekzioaren erreakzioa; izan ere, 5-1 formazioan hasi dira jokatzen, eta defentsako jokamolde horrek erabat nahasi ditu danimarkarrak. Danimarka bederatzi minutu baino gehiago egon da golik sartu gabe, eta une hori baliatu du Espainiak lehia iraultzeko eta hausteko. Bederatzi eta hutseko partziala lortu du Espainiak, eta hala, 14-19 aurreratu dira markagailuan.
Hala eta guztiz ere, azken urteetako txapeldunaren aurka sufritu egin behar izan du Arruabarrenaren eta Saezen taldeak. Kaleratzeen eta aldaketa txarren ondorioz, bi golera hurbildu da Danimarka (20-22); baita gol bakar batera ere gero. Gainera, danimarkarrek luzapena behartzeko azken jaurtiketa egiteko aukera ere izan dute bitarte horretan. Atera egin duten azken jaurtiketan, baina, zutoinaren aurka jo du baloiak, eta hori horrela, Espainiak lortu du garaipena (22-23). Arruabarrenak eta Saezek urrea irabazi dute, beraz, Txinan.