Herbehereetako Ad Hoc musika banda Azkoitian eta Zestoan ariko da datorren astean

Mailo Oiarzabal 2024ko uztailaren 26a

Ad Hoc, 2023ko birako kontzertu batean (Vakantieorkest Ad Hoc Holiday Ochestra)

Udan atzerrian birak egiteko elkartzen den musika taldea Euskal Herrian dabil aurten eta eskualdeko bi herriotan kontzertu bana emango du, astelehenean Azkoitiko Balda plazan, eta ostiralean Zestoako Euskal Herria plazan. Garikoitz Mendizabalek ere parte hartuko du Zestoako emanaldian.

Herbehereetako Vakantieorkest Ad Hoc Holiday Ochestra musika bandak kontzertu bana emango du Azkoitian eta Zestoan datorren astean. Taldearen izenak nederlanderaz zein ingelesez adierazten du banda horren berezitasuna: espreski eta soilik udako oporretan emanaldiak egiteko elkartzen den musika banda da; musikariak Herbehereetakoak dira, baina beren herrialdetik kanpo aritzen dira beti, oporrak eta kontzertu birak uztartuz.

2022an eta 2023an Austrian egin zituzten udako kontzertuak Ad Hoc-ekoek, eta aurten Euskal Herrira etorriko dira. Bost kontzertu iragarri dituzte: bat Bizkaian emango dute, Bermeon eta beste laurak Gipuzkoan; Bergaran, Arrasaten, eta Urola Kostako bi herritan joko du Herbehereetako bandak, Azkoitian eta Zestoan. Astelehenean, uztailaren 19an, Azkoitiko Balda plazan emango du kontzertua Ad Hoc bandak, 20:00etan; eta ostiralean, abuztuaren 2an, 19:00etan hasita ariko da Zestoako Euskal Herria plazan.

65 musikarik osatzen dute Ad Hoc banda. Zestoako emanaldian Garikoitz Mendizabal herriko txistularia batuko zaie, pieza batzutan bakarlari aritzeko. Gainerakoan, "errepertorio zoragarria" iragarri dute Ad Hoc-ekoek beren emanaldietarako, askotariko musika nahasten duen egitarauarekin (pasodobleak, martxak, filmetako musika...).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide