"Talde baten parte izateko aukera ematen digu txarangak"

Intza Trula eta Urtzi Oteiza 2024ko uzt. 9a, 12:00

Azkoitiko, Azpeitiko, Getariako, Zestoako eta Zarauzko hainbat gaztek sortu dute UK03 txaranga. Martxoan eskaini zuten lehen saioa, eta jairik jai ibiliko dira udan.

Azken urteotan sona handia izaten ari dira elektrotxarangak herrietako zein hirietako festetan, baina badira ohiko txaranga baten aldeko apustua egiten jarraitzen dutenak ere. Aurrenekoz iaz elkartu arren, joan den martxoan eskaini zuen lehen emanaldia UK03 txarangak. Julen Carrizo (Azpeitia, 1997), Ane Zulaika (Zestoa, 2000) eta Beñat Uzin (Azkoitia, 1999) dira taldekideetako hiru.

Martxoaren amaieran aurkeztu zineten lehen aldiz jendaurrean; beraz, denbora gutxi da hasi zinetela.

Julen Carrizo: Lehen kontzertua martxoan eskaini bagenuen ere, elkartzen eta entseatzen 2023ko urrian hasi ginen, duela ia urtebete. Hortik aurrera, bi edo hiru astetik behin elkartzen saiatu gara, abestiei errepaso bat emateko eta martxoko lehenengo agerraldi hura prestatzeko.

Azpeitian eman zenuten lehen kontzertua. Zer-nolako sentipena izan zenuten?

Beñat Uzin: Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren egunean egin genuen lehen agerraldia jendaurrean. Korrikalariak pasatu ahala hasi ginen jotzen, arratsalde partean, eta inguruan genuen jendea gustura ikusten zen. Beti eskertzen da musika apur bat; arratsaldea alaitzen du, eta nik uste dut ondo joan zela lehen emanaldi hura. Bi ordu inguruko saioa izan zen, maratoi erdiak iraun zuen bitartean jo genuen, eta lasterketa amaitu ondoren ere jarraitu genuen pixka bat. Ingurukoentzat eta lagunentzat ere estreinaldia izan zen, eta han inguruan izan genituen beraiek ere, gustura.

Arrakasta izaten ari dira elektrotxarangak, baina zuek ohiko txaranga bat sortu duzue. Zergatik?

B.U.: Gustuak dira. Nik, pertsonalki, instrumentu aldetik nahiago dut ohiko txaranga bat elektrotxaranga bat baino. UK03 taldean baditugu elektrotxaranga batean parte hartzen duten kideak ere, baina azkenean txaranga arruntak gustatzen zaizkigulako egin dugu horren alde.

J.C.: Jendeak pentsatzen du elektrotxaranga bat eta ohiko txaranga bat gauza bera direla, emanaldietan ikusten dituzten instrumentuengatik antzekoak diruditelako, baina ni bi esparruetan sartuta nabil, eta badituzte berezitasunak: elektrotxarangek babes handiagoa izan ohi dute, eta gitarrek asko betetzen dute kontzertua; txarangaren kasuan, berriz, presio handiagoa duzu, eta hutsegiteak gehiago antzematen dira. Haize instrumentuek adiago egon behar dute txarangan elektrotxarangan baino.

Inoiz elkarrekin jotakoak al zarete?

B.U.: Bakoitzak bere herriko bandan parte hartzen du, eta horren ondorioz ezagutzen ginen batzuk. Noizbehinka elkarrekin jo izan dugu, banda batek errefortzua behar izan duenean, adibidez.

Ane Zulaika: Zestoako eta Azpeitiko bandetako kideok dezentetan jo izan dugu elkarrekin. Beste batzuk, esterako, eskolan ezagutu ginen.

"Urola Kostako hainbat herritako gaztez osatutako taldea" zaretela diozue. Ezagutzen ez zaituztenentzat, nortzuk zarete?

B.U.: Hainbat herritako bandetan parte hartzen dugun kidez osatutako taldea gara: lau azkoitiarrek, bost azpeitiarrek, bi zestoarrek, getariar batek eta zarauztar batek osatzen dugu, hain justu. Ibilbide hori egiten duen autobus zerbitzua da UK03 eta, beraz, izen hori aproposa iruditu zitzaigun gure txarangarentzako. Metafora moduko bat da.

Adin eta herri ezberdinetako jendeak osatzen duzue txaranga. Erraza izaten ari al da antolatzea?

A.Z.: Momentuz hilean behin ari gara entseatzen, baina emanaldi bat dugunean sarriago elkartzen saiatzen gara.

Herri ezberdinetako jendea izanda, non entseatzen duzue?

J.C.: Hainbat lokaletan entseatzen dugu. Egia da, gehienak azpeitiarrak eta azkoitiarrak izanik, herri horietan gainerakoetan baino gehiagotan elkartzen garela, baina tarteka Zestoara eta Getariara ere joaten gara. Orokorrean, herri bakoitzeko musika bandaren lokalean entseatzen dugu, eta ez dugu arazorik izaten lekua topatzeko.

A.Z.: Azken finean, bakoitza herri bateko bandakoa izanik, lokalen aukera zabala daukagu entseatzeko orduan.

Uda garaia da, festa garaia. Datozen hilabeteak aprobetxatuko al dituzue taldea ezagutzera emateko?

B.U.: Datozen hilabeteetarako emanaldi batzuk hitzartuta ditugu dagoeneko, inguruko herrietako jaietan. Hasiberriak gara, gurea ez da oso talde ezaguna, eta gure inguruko kontaktuei taldearen berri ematen saiatu gara, emanaldiak ematen hasteko asmoz.

Denbora gutxi da martxan hasi zinetela, baina zein dira aurrera begira dituzuen helburuak?

J.C.: Ez daukagu helburu zehatzik, eta ikusiko dugu taldea noraino iristen den. Gehiagorako ematen ez duela ikusten dugunean amaituko dugu ibilbidea, eta kito. Bitartean, ordea, ondo pasatzea eta entretenitzea da xedea, baita Euskal Herriko txokoak ezagutzea ere.

B.U.: Taldekideok disfrutatzea eta ingurukoek disfruta dezaten lortzea nahi dugu.

A.Z.: Talde baten parte izatea ere bada helburua, eta UK03 txarangak horretarako aukera ematen digu. Halaber, kaleak alaitu nahi ditugu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide