Denboraldiari hasiera eman diote Euskotren eta Eusko Label ligetako traineruek. Bi ligetako ontziek Galiziako uretan lehiatuko dira asteburu honetan, eta gaur arratsaldean A Coruña hiriko bandera izan dute jokoan; bihar eguerdian, berriz, Bueun izango da estropada.
Euskotrenen estreinaldian Arraun Lagunak izan da garaile, 11:00,30ko denborarekin, eta Orio bigarren izan da. Hala ere, aipatu beharrekoa da Donostiako taldeak aise irabazi duela; izan ere, 12 segundoko aldea atera die mirotzei. Aipatu bi traineruak lehen txandan lehiatu dira Galiziako bi ordezkariekin batera: Cabo da Cruz eta Tiran.
Bigarren txandako azkarrena Tolosaldea izan da, Oriorengandik ia segundo bakarrera, eta haren atzetik helmugaratu da Donostiarra; sailkapenean Tolosaldea hirugarren eta Donostiarra laugarren. Aipatu lehen lau taldeek gainerako lauekin alderatuta beste maila batean daudela erakutsi dute gaurkoan.
1. DONOSTIA ARRAUN LAGUNAK 11:00,30
2. ORIO ORIALKI 11:12,62
3. TOLOSALDEA ARRAUN KLUBA 11:13,48
4. NORTINDAL DONOSTIARRA 11:17,90
5. HONDARRIBIA BERTAKO IGOGAILUAK 11:29,98
6. CR CABO DA CRUZ 11:38,32
7. HIBAIKA JAMONES ANCIN 11:51,54
8. SD TIRÁN PEREIRA 11:54,30
Gizonezkoen Eusko Label ligan, iazko oilarrek euren paparrak harro erakutsi dituzte. Ongi borrokatuta, ordea, Gorka Aranberri patroiak gidatzen duen Urdaibai izan da nagusi. Hala ere, Oriok eta Getariak pozik egoteko estropada jokatu dute. Orio bigarren txandan aritu da Donostiarra eta Zierbena bezalako aurkari zuzenekin, eta hirugarren bukatu du, baina sailkapen nagusian bosgarren postu interesgarria bereganatu du.
Getariak hirugarren eta azken txandan egin du arraunean, garaile izan den Urdaibairekin batera. Bere saioko bigarrena izan da, Ondarroa eta Bueu atzean utzita, eta sailkapen orokorrean seigarren tokia bereganatu du. Gauzak horrela, Orio eta Getaria bigarren txandan jokatuko duten ohiko traineruak izateaz harago, faboritoei gauzak zail jarriko dizkietela erakusi dute gaurkoan.