Oinarrizko produktuak bildu ditu Kontseilu Sozialistak

Intza Trula 2024ko eka. 18a, 10:15

Kontseilu Sozialistak egindako oinarrizko produktuen bilketa handia. (Kontseilu Sozialista)

Kontseilu Sozialistako kideek ekainaren 13tik 15era bitartean jarri zituzten postuak Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan, hainbat supermerkaturen eta saltokiren aurrean. Ogi apurrik ez! lelo hartuta egin zuten hiru egunetako bilketa.

Oinarrizko produktuen bilketa handia egin du beste beste behin Kontseilu Sozialistak Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan. Joan den astean, ekainaren 13tik 15era bitartean, Ogi apurrik ez! lelopean egin zuten bilketa Kontseilu Sozialistako kideek: Azpeitian Juan XXIII auzuneko eta Sanjuandegiko Eroski saltokien kanpoaldean; Azkoitian Eroski txikia eta BM saltokien atarian; eta Zestoan, Gesalaga kalean jarri zituzten mahaiak.

Kontseilu Sozialistak lau urte daramatza lehengaien bilketa eta banaketa egiten: "Lan militanteari eta norbanakoen ekarpen ekonomikoei esker eusten diogu hasierako asmoari", dio. Azaldu duenez, "azken urteotan oinarrizko produktuen beharra larriagotu baino ez da egin langileriaren sektore xumeenentzat. Inflazioa eta zerbitzuen murrizketek gogor kolpatu dute jende askoren egunerokoa". Hori hala, "antolatzea eta elkartasuna praktikara eramatea inoiz baino beharrezkoagoa" dela azpimarratu du Kontseilu Sozialistak.

Horrez aparte, jakinarazi du, diruz lagundu nahi dutenek ES65 3035 0020 5702 0008 5892 kontu korrontean edo 688 76 90 47 zenbakian Bizum bidez egin dezaketela ekarpena, urte osoan zehar.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide