Elena Rikondo: "Eguneko zentroaren zerbitzuan eredu propioa sortu dugu"

Nerea Uranga 2024ko eka. 12a, 09:53

Elena Rikondo Saiaz gizarte zerbitzuetako mankomunitateko gizarte langilea Errezilgo udaletxeko bulegoan. (Nerea Uranga)

Saiaz gizarte zerbitzuetako mankomunitateak 30 urte bete ditu, eta beste hainbeste urte daramatza Elene Rikondok gizarte langile lanean. Bihar, ekainak 13, Errezilgo San Antonio festak hasteko txupinazoa botako du.

Bihar, ekainak 13, hasiko dituzte sanantonioak Errezilen, eta jaien hasierako txupinazoa, Saiaz gizarte zerbitzuen mankomunitatearen izenean, Elena Rikondo (Donostia, 1968) gizarte langileak botako du. Errezilgo Festa Batzordeak txupinazoa botatzeko egindako proposamena «ilusio handiarekin» hartu duela dio. Saiazek 30 urte bete ditu, eta hasieratik da bertako langilea Rikondo. Errezil, Beizama, Bidania-Goiatz eta Albiztur udalerriek osatzen dute mankomunitatearen zerbitzua, eta eskaintza hazten joan dira.

30 urte bete ditu Saiaz mankomunitateak, eta zu zara gizarte langilea hasieratik.

1993ko abenduan sortu zuten Saiaz gizarte zerbitzuen mankomunitatea, eta gizarte langile finko bat kontratatzeko prozesua hasi zuten gero. Oposizio prozesuaren ondoren, 1994ko ekainean hasi nintzen lanean. Hasieran egun erdiko lanaldian jardun nuen; gero, urte askotan, %75eko lanaldia izan nuen; eta ikerketa baten ostean, 2020. urtetik aurrera, %100eko lanaldia dut. Saiaz bi eskualdetara jotzen duten lau udalerrik osatzen dute: Errezilek Urola aldera jotzen du; Beizamak Tolosaldera edota Urolara, segun eta zertarako; eta beste biek Tolosaldera. Horrek berezi egiten du mankomunitatea, eta zailtasunak ere eragiten ditu: administratiboki, medikuei dagokienez...

Gizarte zerbitzuak mankomunatuta edukitzeak zer esan nahi du herri txikientzat?

Elkartuta, lau herrietako herritar guztiei gizarte zerbitzuetako programa eta zerbitzu aukera askoz zabalagoa eskaintzeko aukera dago. Gainera, herri batean programa bat ateratzen ez bada, ondoko herrian antolatzen da, eta herritarrak hara mugi daitezke. Gauza on asko ditu elkarrekin jarduteak, bestela herri txikiak oso bakartuta gera daitezkeelako. Programak edota egitasmoak Eusko Jaurlaritzan edota Gipuzkoako Foru Aldundian aurkezteko orduan ere, Saiaz mankomunitatearen izenean egiteak halako indar bat du. Esaterako, eguneko zentroaren zerbitzua Errezilek edota Bidaniak beren kasa ezingo lukete eskaini, ez litzatekeelako bideragarria izango. Garrantzitsua da zerbitzuak mankomunatuta izatea, baina horretarako herriak ados jarri eta eskuzabalak izan behar dira. Lau udalerriak txikiak izan arren, tamainaz desberdinak dira, eta herrien artean oreka mantentzea ere inportantea da, inor bigarren mailan utzi gabe. Saiazek gauza on asko ditu, baina, lehen esan bezala, administratiboki bere konplexutasunak ditu. Borondate ona izan da 30 urte hauetan, eta horregatik gaude egun gauden lekuan. Elkartzea beharrezkoa da, eta beste hainbat tokitan ere herrien artean programa bateratuak egiten hasita daude.

Besteak beste, 30 urteotan bi eguneko zentro jarri ditu martxan Saiazek: bata Errezilen, eta bestea Bidania-Goiatzen.

Biek 20 urte beteko dituzte aurten; 2004an ireki ziren, eta biak aldundiarenak dira. Garai hartako baliabideak oso urbanoak ziren, eta gizarte langile batzuk tematuta geunden herri txikietara egokitutako zerbitzuak behar zirela esaten hainbat forotan. Hortik abiatuta, diputazioak zerbait egitea erabaki zuen, eta proiektu pilotu gisa eguneko zentroak jarri zituen martxan. Nahiko hippy hasi ginen; zenbait adibide ikusi genituen Araban, baina Gipuzkoan ez zegoen halakorik. Etorkizuna nolakoa izatea nahi genuen irudikatuz hasi ginen lanean: erabilera askotarako espazioak sortuz, profil askotako herritarrak kontuan hartuz, ordutegi malgua eskainiz, garraio propioarekin... Nahieran edota beharren arabera zerbitzua eskaintzea izan da lehentasuna, baliabidea pertsonara egokitzea izan da erronka. Eguneko zentroko langileak ere bertako enpresa txiki batekoak dira, eta horrek langileen inplikazioa eta gertutasuna bermatzen ditu. Eredu propioa sortu dugu, eta ni pozik nago bertakoak direlako erabiltzaileak eta langileak.

Egun asko esaten da baliabideak pertsonetara egokitu behar direla.

Hala da, hori oso garrantzitsua delako. Agian, herri edota toki handietan konplexuagoa da egokitzapena, baina hori da bidea. Gurean badaude astearteetan Azpeitiko azokara jaisten direlako egun horretan zentrora ez datozenak. Erabiltzaileen araberako ibilbideak egiten saiatzen gara, eta emaitzekin oso pozik gaude. Horrek guztiak bere zailtasunak ditu, baina administrazioen eta diputazioaren babes handia daukagu, eta oso eskertuta gaude.

2023. urtean bi eguneko zentroetan ehun onuradun izatera iritsi ginen. Hori oso datu garrantzitsua da guretzat. Nabarmentzekoa da, baita ere, ehun erabiltzaile horietatik oso gutxi joan zirela eguneko zentrotik egoitzara; alegia, ehuneko altuena bertan, etxeetan, hil da. Errezilgo onuradun gutxi batzuk, familiek horrela nahi zutelako, Azpeititik Errezilera ere etortzen dira, eta hori gertatzea guretzako pentsaezina zen.

Belaunaldien arteko harremana sustatzeko programak ere badituzue, ezta?

Eguneko zentroaren bueltan komunitate irekia nahi genuela idatzi genuen sorreran, eta oinarrietako bat da hori. Esaterako, Ttipi Ttapa programan eskolako ikasleek, hainbat boluntariok eta hala nahi duten eguneko zentroko erabiltzaileek parte hartzen dute, goiza elkarrekin pasatuz. Aurrekoan, Oriora egindako egun-pasan, eguneko zentrokoek, eguneko arretakoek eta nahi zuten herritarrek parte hartu zuten. Elkarrekin harremanak izateko guneak eskaintzea garrantzitsua da. Gaur egun gauza on asko egiten dira, eta oso inportantea da herritarrek herriko parte direla sentitzea.

Zeintzuk dira Saiazek aurrera begira dituen erronkak?

Batetik, egungo programak eta zerbitzuak (eguneko zentroak, eguneko arreta, etxez etxeko zerbitzua, harrera programa...) mantentzea da erronka. Izan ere, zerbitzuek finantzaketa publiko handia behar dute. Herrian zerbitzuak izateak asko laguntzen du herritarrak bertan bizitzen gelditzen, eta zerbitzuak komunitatera zabalduta eskaini behar dira. Adinekoek askotan esan digute zaintza etxean edota etxetik gertu nahi dutela. 

Bestetik, berdintasun planari dagokionez, ahalduntze prozesuak indartu nahi ditugu, baita indarkeriaren gaia plazara gehiago atera ere, kontzientziazio lana egiteko. 

Gizarte bazterkeriarena ere beste erronka garrantzitsu bat da. Herriguneko etxe zaharrak berritzea ere ez legoke gaizki, egoera zailean daudenentzat proiektuak egiteko edota gazteen emantzipazioa bultzatzeko. Amesten jarraituko dugu, asko pentsatuz eta erronka berriei helduz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide