Boiseko (Idaho, Estatu Batuak) euskal etxeko korua iritsi da Euskal Herrira. Gaur, gainera, eskualdeko bi herrietako udalek ongi etorria egin diote. Lehendabizi Getarian izan da abesbatza. 10:00etan zuten hitzordua jarrita, eta Haritz Alberdi alkateak jaso ditu guztiak udaletxean bertan. Pozarren agertu da alkatea "herri hau maite duten pertsonak" jasotzeagatik. Herriaren inguruko hainbat zehaztapen eman ditu ondoren Alberdik. Laburki azaldu die Getaria, "itsasoa, landa, txakolina, turismoa eta ostalaritza, Elkano eta Balenciaga museoa" dela, baita "musikaren herria" ere.
Getariarrek mundura atera behar izan dutela azaldu du ondoren Alberdik, eta alderantziz, harrera herria ere badela gaineratu du. Emakumeek urte hauetan guztietan egindako lana ekarri du gogora, "herriaren eskubideen alde egin duten borrokagatik". Bukatzeko, Getaria, "euskararen herria" dela esan du: "euskaraz pentsatzen dugu; euskaraz maitatu eta haserretzen gara; euskaraz kantatu, parranda egin eta aspertzen gara, eta euskaraz komunikatzen gara".
Opariak izan dira tartean. Lehendabizi, alkateak Euskal Herriko armarriaren pin bana eman dizkie abesbatzako kide guztiei, eta oroigarri berezi bat ere jaso dute: Elkano mundu biraren 500. urteurreneko Julian Ugarte artistaren lan batetik ateratako koadro bat. Orduan, 50 ale atera zituen udalak, eta okasio "berezietan" entregatu izan ohi dituzte. Gaurkoa izan da eskura eman duten 41 koadroa.
Ekitaldia, abesten amaitu dute. Getariako Salbatore Abesbatzak abesti bat kantatu du, eta ondoren izan da Boisekoen txanda. Bukatzeko, argazkia atera dute guztiek udaletxeko atarian.
Biotzetik eta Montetxio, kantuz kantu
Birarekin jarraituz, ondorengo geldialdia Zarautzen egin dute. 12:30ak aldera hasi dira Musika Plazara gerturatzen, eta bertan ziren Montetxioko kideak, txistulariekin batera, ongietorria emateko.
Arrano elkartekoek aurresku emanaldi bat eskaini diete eta jarraian, herriko abestiak kantatzen aritu dira. Besteak beste, Epo itai tai ye, Saltzen saltzen, Behin betiko eta Triste bizi naiz eta abestien letrak entzun dira plazan eta gerturatu direnek iparramerikarren euskara entzun ahal izan dute. Bertatik igaro diren hainbat herritar ere batu dira Biotzetik eta Montentxio koruekin abestera, eta trikitixen laguntzarekin, herriko plaza girotu dute.
Ospakizunari jarraipena emateko, pintxoak eta edariak eskaini dizkiete, Arrano tabernaren eskutik. Euskaldunek eta iparramerikarrek bat egin dute eta gaurko birari jarraipena emateko, Zarautzeko emanaldiaren ostean Hondarribira abiatu dira bazkaltzera. Arratsaldeko zazpietan, Lasarteko Xumela koruarekin abestuko dute Okendo plazan, egunari amaiera biribila emateko.
"Pozik gaude Euskal Herria ezagutu eta gurekin bat egitera etorri den koru honek Zarautzen ere abestuko duelako. Euskal Herriko historia ez da hemendik bakarrik idatzi, isatsoz beste aldetik ere orri asko idatzi dira urte luzeetan", azaldu dute Montetxioko kideek.