Urrezko Aizkolarien finalak eta harri-jasotze desafioa, igandean Urrestillan

Mailo Oiarzabal 2024ko ekainaren 6a

Antolatzaileak, babesleak eta kirolariak atzo, Azpeitiko udaletxean, igandeko jaialdiaren aurkezpenean. (Mailo Oiarzabal)

Mikel Larrañaga azpeitiarrak, Iker Vicentek eta Hodei Ezpeletak jokatuko dute aizkolarien gizonen final nagusia. Emakumeen Binakako Txapelketa eta gazteen buruz buruko hiru final ere jokatuko dituzte, eta eskualdeko harri-jasotzaileak nagusi izango dira, desafioan zein erakustaldian, Txikuri pilotalekuan 17:45ean hasiko den herri kirol jaialdian.

Urrestillako Txikuri pilotalekuak lekukoa hartuko dio igandean hautesleku bihurtuko duten Izarraitz pilotalekuari, eta Egur Sport enpresak antolatuta eta Azpeitiko Udalak babestuta jokatuko dute aurten ere Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketaren finala, 27.a. Igandean izango da hitzordua, 17:45ean. Jaialdi berean jokatuko dute emakumeen Binakako Aizkolari Txapelketa, aizkolari gazteen hiru final ere bai; eta jaialdia borobiltzeko, taldekako harri-jasotze desafio berezia eta erakustaldia eskainiko dituzte.

Atzo arratsaldean udaletxean eman zituzten igande arratsaldeko jaialdiaren xehetasunak Egur Sporteko Luis Mari Bengoak eta Jon Oteiza Kirol batzordeburuak, Urrestillan lehiatuko diren hainbat kirolarik lagunduta. Guztira, aizkolari eta harri-jasotzaile, 24 kirolari elkartuko dira Txikuri pilotalekuan, eskualdeko ordezkaritza zabalarekin. 500-600 ikusle batzea espero dute antolatzaileek, eta frontoiko harmailak osatzeko harmaila mugikorrak jarriko dituzte horretarako. Sarrerak, berriz, egunean bertan salduko dituzte pilotalekuan, 25 euroren truke.

Txapeldun berriak eta aldaketak

Gizonen txapelketa nagusian hiru aizkolari ariko dira nor baino nor: Mikel Larrañaga azpeitiarra, Iker Vicente eta Hodei Ezpeleta. Azken bi urteetako txapelduna, Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra, ez da izango aurten finalean eta, beraz, txapelak jabe berria izango du igandean.

Emakumeen binakako finalari dagokionez, hiru bikote ariko dira lehian, baina horietako bakarra da txapelketa hasi zenetik bere horretan mantentzen dena, Uxue Ansorregik eta Nerea Sorondok osatzen dutena, hain zuzen. Beste bietan aldaketak egin behar izan dituzte: Malen Barrenetxearen bikotekidea Karmele Gisasola Zelai III.a izango da, Nerea Arrutik ezin baitu finalean aritu; eta Maika Ariztegik ordezkatuko du Ane Zapirain, Oihane Fernandez de Barrenarekin bikotea osatzeko.

Gazteen hiru mailatan banatuko dituzte igandeko beste hiru txapelak, eta buruz burukoak izango dira hiru final horiek. 23 urtez azpikoen finalean orain arte txirrindularitzan aritu izan diren bi lehengusu ariko dira nor baino nor: Jon Erdozia eta Aritz Oiarbide. Unai Etxeberria Osinalde-k eta Oier Mitxelenak jokatuko dute 18 urtez azpikoen finala, eta Aitor Saralegik –Mieltxo Saralegiren semea– eta Kimetz Alzolak, berriz, 16 urtez azpikoena.

Harri-jasotze dema berezia

Aizkolarien finalak ez ezik, harri-jasotzaileen lanaz gozatzeko aukera ere izango dute igandean Txikuri frontoira joaten direnek. Batetik, Maddi Gesalaga zarauztarrak, Udane Ostolaza oriotarrak eta Olaia Esnaola azpeitiarrak erakustaldia egingo dute. Eta bestetik, Juan Iguaranen oroimenezko desafioa jokatuko dute sei harri-jasotzailek, izen bereko txapelketan lehiatu diren sei onenek, hain zuzen.

Hirunaka, 125 kiloko harri banarekin, 1962an Iguaran zenak eta Martin Lizeagak jokatu zuten apustua berrituko dute igandean Urrestillan, 2017an Aian egin zutenaren antzera. Biak Urnietakoak (Gipuzkoa), 18 urtekoak eta lagunak, hamar minutuko hiru txandatan 125 kiloko harriari altxaldi gehiago zeinek eman jokatu zuten apustua Iguaranek eta Lizeagak Tolosako (Gipuzkoa) zezen plazan; eta, hara non, berdinduta bukatu zituzten lanak, bakoitzak bere harria 103 aldiz jaso ondoren.

Igandean, Urrestillan, Mikel Lopetegi Urra zarauztarra, Paulo Azpiazu Zarauzko bizilaguna eta Iraitz Arruti Burni Txiki Iguaranek 1962ko apustuan erabili zuen harriarekin ariko dira lanean; eta Imanol Royo Lartain zarauztarra –Jokin Eizmendi herrikidearen tokian ariko da–, Beñat Telleria eta Aimar Galarraga oriotarra, berriz, Lizeagaren harriarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide