Asteburu honetan Getariara, Oriora, Zarautzera eta Zumaiara bertaratzeko asmoa duten bisitariek ordaindu egin beharko dute ibilgailuak TAO guneetan uzteagatik. Lehenengo hiru herrietan bihar sartuko da indarrean udako zerbitzua, eta Zumaian ekainaren 15ean abiatuko duten arren, Aste Santuaz geroztik astebururo izaten dute martxan.
Getarian, ohiko zerbitzuari eutsiko diote. Hala, bihar hasi eta iraila amaitu arte, 10:00etatik 20:00etara bitartean ibilgailua hondartza, moila eta portu inguruan uzten dutenek ordaindu egin beharko dute.
Orion, berriz, irailaren 15era arte iraungo du udako zerbitzuak, eta egonaldi luzeko eremuei eragingo die; hondartza inguruko aparkalekuei, adibidez. Dena den, Zumaian bezalaxe, egoiliarrak ez direnek Aste Santutik astebururo ordaindu behar izaten dute ibilgailua zonalde horretan uzteagatik. Errotazio handiko eta egonaldi laburreko guneetan ez dute aldaketarik antzemango, urte osoan dagoelako martxan TAO zerbitzua horietan.
Zarautzen ere ohikoa izango da bihartik aurrera indarrean sartuko den udako TAO zerbitzua: herri osoari eragingo dio, eta iraila amaitu arte iraungo du, astelehenetik igandera eta 09:00etatik 20:00etara. Dena den, berrikuntzarik ere izango du, aurki zabalduko dutelako Hegoalde eremuko aparkaleku berria.
Herrian erroldatuta ez daudenek baina herrian lan egiten dutenek oraindik eska dezakete TAO txartel berezia. Hilean 30 euro balio ditu, eta ibilgailuaren zirkulazio baimena, NAN zenbakia eta lan kontratuaren kopia aurkeztu beharko dituzte interesdunek.