Sortzaileen ifrentzua publikoaren begi aurrera

Aritz Mutiozabal 2024ko maiatzaren 22a

Kamikaz kolektiboko Amancay Gaztañaga eta Iraia Elias.

Kamikaz kolektiboak (B)egira! antzezlana estreinatuko du ostiralean, Literaturian .Umore giroan, "ikusten ez den errealitate gordina" kontatuko dute. 

Begiaren eta egiaren artean egingo du igerian aurtengo Literaturiak. Ildo horri helduta, (B)egira! antzezlana estreinatuko du Kamikaz kolektiboak ostiral honetan, literatura jaialdiaren irekiera egunean. Mari Luz Esteban idazleak emango dio hasiera manifestuarekin, eta ondoren taularatuko dute Iraia Elias zarauztarrak eta Amancay Gaztañaga zestoarrak egitasmorako espresuki sortutako ikuskizuna. "Duela hilabete dezente egin ziguten proposamena, iraila aldean. Literaturiak aurtengo ediziorako gai bat zeukan zehaztuta –(B)egia–, eta horren harira, zerbait oholtzaratu nahi zuten. Hala, bertsotan bezala, gaia jarri ziguten, eta guk erronkari heldu genion", azaldu du Amancay Gaztañagak.

Begi eta egia horiek "ikusten ez dena zer den" iradoki die Kamikaz kolektiboari; hau da, sortze prozesu baten atzean dagoen lan guztia. "Hortik abiatuta, sortzaileen gaur egungo errealitate gordina kontatzen duen antzezlana sortu dugu. Horretan jarri dugu begia eta joan gara egiara", adierazi du Gaztañagak. "Azkenean, ikusten ez den hori guztia dago eta, gero, sormen prozesu guztietako sasia gustatzen zaigu denoi. Izan ere, egun pila bat kontsumitzen dugu denetik, baina ez gara pentsatzen jartzen zer dagoen horren guztiaren atzean, zer den egia".

Antzezlanean, beraz, bi sortzaile agertuko dira jendaurrera beraien bizipenak kontatzeko, "horren zoragarri margotzen duten mundu ameslari baten gibelaldea erakusteko". Kamikaz kolektiboak umorea du aldarri, eta aldarte hori baliatuta heldu dio gaiari, nahiz eta jorratzen dutena serioa bezain garratza izan.

Partekatzeko gogoz

Buru-belarri dabiltza entseguekin egunotan Elias eta Gaztañaga, guztia fin eta txukun atera dadin. "Gurea oso barruko lana da, eta gure harrikadetan murgilduta egoten garenez, ez gara oso kontziente momentu batean publiko bat egongo dela. Oraintxe bertan oso lanpetuta gaude, azken astea beti izaten delako aztoratuena, gauza gehien lotu beharrekoa". Kolektiboko kideak harro dio "plazera" dela Literaturian obra taularatzea, are gehiago haientzat "enkarguz" egin dutenean eta Mari Luz Estebanen ondoren ariko direlako. Urduri baino gehiago, antzelana "ikusleekin partekatzeko gogo handiz" daude.

Zarauzko jaialdian arte eszenikoak beti izan du bere plaza, antzerkia literaturaren adarretako bat delako. Gaztañagarentzat guztia sormenaren esparruan barnebiltzen da: "Gure antzezlanari dagokionez, istorio bat dago argi eta garbi, eta literatura izan daiteke 3D horretan hezurtzea. Nik uste dut idazleak beraiek ere oso identifikatuta sentituko direla sortzaile bezala kontatuko ditugun gauzekin; izan ere, gauza denak daude lotuta geure prozesu hauetan. Guztiok ari gara istorioak sortzen, eta horretan guztioi sortzen zaizkigu beldur, atasko eta prekarietate berdinak".

Kamikazeko Eliasek eta Gaztañagak landu eta ondu dute antzezlana. "Sorkuntza kolektiboa izan da, eta Iraia eta biok eskuz esku jartzen garenean, oso erraz ulertzen gara elkar. Bion artean sortu dugu testua eta agertokian ikusi ahalko dena", adierazi du Gaztañagak.  Gainera, "oso ongi konpontzen diren bi pertsona" direla aitortu du: "Umore antzekoa dugu, eta batek harrikada bat botatzen badu, besteak jarraitu egiten dio. Normalean, nahiko iruditegi antzekoa partekatzen dugu, eta gozamena da elkarrekin lan egitea".

'Inuksuit' eta 'Galbahea', beste ikuskizunak

Hiru ikuskizun estreinatuko dituzte aurten Literaturia euskal letren plazan. Kamikaz Kolektiboaren (B)egira! antzezlanaz gain, Inuksuit eta Galbahea: Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko emanaldiak eskainiko dituzte larunbatean, Modelon.

Patxi Zubizarretak Lizardi saria irabazi zuen Zerria lanarekin, eta bertan agertzen dira Inuksuit-ak, giza itxurako mugarri handiak. Hori ardatz hartuta, ikuskizun musikatua eskainiko du idazleak, Maddi Oihenartek, Antton Valverdek, Mintxo Cemillanek eta Malen Fernandez de Larrinoak lagunduta. Galbahea: Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko, berriz, Gotzon Barandiaranen azken poesia liburuan oinarritutako ikuskizuna da, eta harekin batera, Rafa Rueda, Urdin Baraiazarra, Uxue Garcia, Mariana Blanco, Amaia Garcia eta Lander Bilbao igoko dira oholtzara.

Ikuskizunetarako sarrerak aurrez eros daitezke Literaturiaren webgunean edo Modelo aretoko leihatilan.

Erlazionatuak

Literaturia 2024: egitaraua

Aritz Mutiozabal 2024 mai 22 Zarautz

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide