Sindikatuek Palestinaren alde deitutako protestekin bat egingo dute bihar eskualdean

Mailo Oiarzabal 2024ko mai. 16a, 17:51

Azpeitian zein Zestoan 11:30erako elkarretaratzeak deitu dituzte, SOS Rafah. Stop genozidioa leloarekin. Orioko Herri Ikastolako langileek ere protesta egingo dute eguerdian.

ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT, Steilas, Solidari, EHNE, Etxalde eta Hiru sindikatuek mobilizazioak deitu dituzte bihar Euskal Herri osoan SOS Rafah. Stop genozidioa leloarekin, eta Palestinaren aldeko deialdi horrek eskualdean ere izango du erantzuna.

Azpeitian zein Zestoan, 11:30erako elkarretaratzeak deitu dituzte bi herrietako plazetan. Azpeitian udal langileak izan dira sindikatuen deialdi orokorra herrira eraman dutenak, eta elkarretaratzearekin bate egitera deitu dituzte lankideak zein herritarrak.

"Israelek nazioartearen zigorgabetasunaz Gazan egindako genozidioa salatzeko" mobilizatuko dira sindikatuak bihar Euskal Herrian. Su-eten iraunkorra, elkarrizketaren bidez negoziatutako konponbidea eta euskal erakundeen eta Nazioarteko Zigor Auzitegian Israelen aurka Espainiako Estatuaren esku-hartzea eskatzen dituzte sindikatuek.

Orion, Orioko Herri Ikastolako langileek bat egin dute mobilizazioekin, eta hamabost minutuko lanuztea egingo dute 12:00etatik 12:15era. Lanuzteak irauten duen bitartean zerbitzu minimoak izango dira, "guztion zaintza bermatzeko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide