Palestinarekin elkartasunean hainbat protesta deitu dituzte eskualdeko herrietan

Maialen Etxaniz 2024ko mai. 9a, 16:21

Elkar-ekinek, Azpeitian egingo du protesta bihar. Gernika-Palestina deialdiarekin bat eginez, kontzentrazioak deitu dituzte Zarautzen, Zestoan eta Zumaian larunbaterako. Kontseilu Sozialistak deituta, Nakbaren 76. urteurrenean Zumaian eta Azpeitian egingo dituzte kontzentrazioak. Ikasle Abertzaleek Azkoitian eta Azpeitian egingo dituzte protestak, astelehenean. 

Palestinan jazotzen ari denaren aurrean, hainbat erreakzio eta protesta izaten ari dira egunotan mundu osoan zehar. Eskualdera ere iritsi dira protesta deialdiak. Eragile sozial eta politikoek askotariko deialdiak egin dituzte.

Urola Kostan, Zumaian egingo dituzte mobilizazioak. Aurrenekoa larunbatean izango da, Gernika-Palestina mugimenduak herriz herri deitu dituen deialdiekin bat eginda. "Gazan, eta, zehazki, Rafah-n bizi duten muturreko egoera dela eta, Zumaian ere entitate sionistaren genozidioa salatzeko elkarretaratzera deituko dugu, ekimenarekin bat eginez", azaldu dute deitzaileek. Horrenbestez, 12:30ean egingo dute protesta udaletxe aurrean, SOS Rafah lelopean. 

Gernika-Palestinak Azkoitian ere deitu du protesta biharko; 12:30ean elkartuko dira, plazan. Gernika-Palestinatik eta Yala Nafarroatik palestinarrei bidalitako funtsen lehen bidalketatik eratorritako laguntza Gazara iritsi dela azaldu du Gernika-Palestinak. Hain zuzen, Gernika-Palestinak eta Yala Nafarroak 35.000 euro bidali ondoren, edateko ura banatzen hasi da desplazatutako herritarren artean, ia mila barazki pakete eta janari deshidratatu
banaketarekin batera. Ordea, Israelek Rafahko pasabidea itxita, laguntza humanitarioak hara sartu ahal izateko bide guztiak itxi ditu. Deitzaileen arabera, "politika sionista" areagotzea aurreikusten da, nazioarteko komunitatearen "pasibotasun lotsagabearen" aurrean.

Ildo horretan, Espainiako gobernuari eta Europako gainerako gobernuei eskatu die su-eten iraunkor eta gainbegiratuaren buru izan daitezela Gazan, Gazako Zerrendaren blokeoa bertan behera utz dezatela, laguntza humanitarioa sartzen utz dezatela eta salatu ditzatela
Palestinako herritarren aurka genozidioa eta gerra eta gizateriaren aurkako krimenak.

Gazako Osasun Ministerioaren arabera, Israelek 34.683 pertsona hil, 78.018 zauritu eta 11.000 desagertu ditu dagoeneko.

Nakbaren 76. urteurrenean, protestak

Bestalde, Nakbaren 76. urteurrenean, asteazkenez, kontzentrazioa egingo du Urola Kostako Kontseilu Sozialistak Zumaian. Saregile plazan jarri dute hitzordua, 19:00etan. Kontseilu Sozialistak "Israelen eta mendebaldeko konplizeen aurka" mobilizatzera deitu du. Hori ez ezik, ikasleen deialdiekin bat egin, eta maiatzaren 18an Palestinarekin Elkartasuna ekimenak deitutako Iruñeko manifestazio nazionalean parte hartzeko deia egin du. 

Egun horretan beste deialdi bat ere izango da Zumaian: Darahli Sahararen aldeko elkartea, ELA, Ernai, ESK , Zumaiako Mugimendu Feminista, Zumaiako Gazte Asanblada, Gure Esku, LAB, Sare Herritarra eta Sortu dira deitzaileak, eta Gernika parkean kanpaldia egingo dute. Astelehenean emango dute egitarau zehatzaren berri.  

Urola Erdian, berriz, Azpeitian eta Azkoitian eta Zestoan deitu dituzte mobilizazioak. Alde batetik, Elkar-ekin taldeak deituta, kontzentrazioa egingo dute bihar 18:30ean Azpeitiko Sanjuandegiko biribilgunean. Bestetik, Ikasle Abertzaleak antolakundeak deituta protestak egingo dituzte astelehenean ikastetxeetan. Hain zuzen, Iraurgin (10:00), Ikasberrin (10:30), Urolan (10:50) eta Azkoitia BHIn (10:00) egingo dituzte elkarretaratzeak.

Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako Kontseilu Sozialistako kideek, Zumaian bezala, Nakbaren 76. urteurrenean egingo dute protesta, EHKSk Euskal Herri osoan zehar deitu dituen mobilizazioekin bat eginda. 

Zestoan, berriz, larunbatean mobilizatuko dira, Zarautz eta Zumaian bezala, Gernika-Palestina mugimenduak egin duen deialdira batuta. Elkarretaratzea 12:30ean izango da, udaletxe aurrean, hiru herrietan. 

Hona hemen deialdiak, herriz herri: 

Azkoitia: 

  • Maiatzak 11: 12:30ean, elkarretaratzea, plazan, Gernika-Palestinak deituta.
  • Maiatzak 13: 10:00etan, Azkoitia BHIn, Ikasle Abertzaleak antolakundeak deituta. 

Azpeitia:

  • Maiatzak 10: 18:30ean, Sanjuandegiko biribilgunean, Elkar-ekinek deituta.
  • Maiatzak 12: Goizean zehar ikastetxeetan, Ikasle Abertzaleakek deituta: Iraurgin (10:00), Ikasberrin (10:30), Urolan (10:50). 
  • Maiatzak 15: 19:00etan, Azpeitiko plazan, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak deituta. 

Zarautz:

  • Maiatzak 11: 12:30ean, Lege Zaharren Enparantzan, Gernika-Palestina mugimenduarekin bat eginda.

Zestoa: 

  • Maiatzak 11: 12:30ean, udaletxe aurrean, Gernika-Palestina mugimenduaren deialdiarekin bat eginda. 

Zumaia: 

  • Maiatzak 11: 12:30ean, udaletxe aurrean, Gernika-Palestina mugimenduarekin bat eginda. 
  • Maiatzak 15: 19:00etan, Saregileen plazan, Urola Kostako Kontseilu Sozialistak deituta. 
  • Maiatzak 15: Kanpaldia Gernika parkean, Darahli Sahararen aldeko elkarteak, ELAk, Ernaik, ESKk, Zumaiako Mugimendu Feministak, Zumaiako Gazte Asanbladak, Gure Eskuk, LABek, Sare Herritarrak eta Sortuk deituta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide