Gipuzkoako Trainerillen Ligako hirugarren jardunaldia jokatu zuten arraunlariek atzo eguerdian Getarian, eta gizonezko seniorretan etxekoak nagusitu ziren. Oriotarrek, zarauztarrek eta zumaiarrek ere parte hartu zuten hainbat kategoriatan, baina ez zen beste lorpenik izan oraingoan eskualdekoentzat, ez behintza ligan. Izan ere, kopan, gizonezko seniorretan Orio B-k eskuratu zuten garaipena, San Juan B taldeari 41 segundoko aldea aterata, gainera.
Ligako gizonezko seniorrei dagokienez, Getariak 14:09:94 denborarekin irabazi zuen estropada, eta Orio laugarren izan zen, 22 segundora. Zumaia seigarren helmugaratu zen 43 segundora, eta Zarautz zazpigarren, 50 segundora.
Emakumezko seniorretan Zumaia A eta Zumaia B izan ziren eskualdeko ordezkari bakarrak. Estropada Tolosaldeak irabazi zuen 15:58:02 denbora eginda, eta zumaiarrak hirugarren eta laugarren izan ziren, hurrenez hurren, 37 eta 57 segundora.
Liga datorren asteburuan amaituko da, Orion. Larunbatean izango dira estropadak, eta hurrengo egunean, berriz, txapelketako finalak jokatuko dituzte, Getarian.