Ados Pilotaren eskutik, Binakako Pilota Txapelketa Nagusiaren finalaurrekoa jokatu zuten atzo, larunbata, Miarritzeko (Lapurdi) Plaza Berri pilotalekuan. Eskualdeko bi pilotarik zuten finalera sailkatzeko aukera: Oihana Orbegozo azpeitiarrak Iturriagarekin bikotea osatuta, eta Naroa Agirre arroarrak Barrokal bikotekide zuela. Norgehiagoka gogorra eskaini zuten bi bikoteek, eta azkenean, Agirrek eta Barrokalek eskuratu zuten finalerako txartela, Orbegozo eta Iturriaga 22-10 mendean hartuta. Hori hala, bi finalistek Ruiz de Infante eta Leire Galeanoren aurka jokatuko dute finala datorren larunbatean (18:00), Antzuolan (Gipuzkoa). Finalerako sarrerak online eros daitezke lotura honetan.
Arregiz eta Orbegozoz gainera, Eneritz Arrieta azkoitiarrak ere parte hartu du Ados Pilotaren Binakako Txapelketa Nagusian. Hirugarren edizio honetarako orain arteko binakako txapelketa luzeena antolatu du Ados Pilotak. Ligaxka fasea iazko abenduaren 16an hasi zuten Latasan (Nafarroa), eta finalaurrekoak erabakitzeko 42 partida jokatu dituzte. Lehen mailan zazpi bikote aritu dira lehian, eta promozio mailan lau.