Zestoako Aranetak eta Zarauzko Aiten Etxek Repsol gidako Eguzki bana eskuratu dute

Maialen Etxaniz 2024ko martxoaren 5a

Araneta jatetxeko Joseba Odriozola eta Zarauzko Aiten Etxeko Javi Sierra. (Repsol gida)

Zestoako Araneta jatetxeak eta Zarauzko Aiten Etxe berrituak Repsol gidako lehen Eguzkia eskuratu dute. Atzo egin zuten gastronomiako Repsol sarien banaketa ekitaldia, Murtzian. 

Bart banatu dituzte jatetxe onenak aitortzen dituen 2024ko Repsol Gidako Eguzkiak Cartagenan (Murtzia), eta Eguzki banarekin itzuli dira etxera Zestoako Araneta jatetxeko Joseba Odriozola eta Zarauzko Aiten Etxeko Javi Sierra.

Repsolek nabarmendu duenez, "euskal sukaldaritza tradizionala defendatzen" duen jatetxea da Araneta, eta eskaintzen dituzten arrainen eta haragien kalitatea azpimarratu dute sariketan. Era berean, erretegiko txuleta jarri dute eskaintzaren barruko "erregin" gisa. Aranetan sukaldaritza "mimoz" egiten dutela nabarmendu du epaimahaiak. 

Zarauzko Ur Bare hoteleko Aiten Etxe jatetxe berrituari dagokionez, Javi Sierrak parrillarekin dituen abileziak nabarmendu ditu Repsolek, eta azaldu du "karta tradizional baina eguneratu batekin" defendatzen dutela jatetxearen eskaintza. 

Iaz, Zumaiako Hamarratz jatetxeak eskuratu zuen Repsolen Eguzki saria. 

Honako hauek dira gaur gaurkoz eskualdean Repsolen Eguzki sari bana duten jatetxeak: 

  • Gure Txokoa (Zarautz).
  • Kirkilla Enea (Zarautz).
  • Aiten Etxe (Zarautz)
  • Hamarratz (Zumaia).
  • Iraeta (Zestoa).
  • Araneta (Zestoa)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide