Piano Topaketak egingo dituzte Zarautzen eta Azkoitian datorren asteburuan

Jabi Gonzalez Toston 2024ko otsailaren 17a

Laura Bilabo Imanol Urbieta musika eskolako piano irakaslea eta Marina Lertxundi zuzendaria. (Jabi Gonzalez Toston)

Ehun musikarik baino gehiagok hartuko dute parte Modelo eta Herriko Plaza aretoetan egingo dituzten saioetan. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, "ikasleek pianoaz gozatzea eta elkar ezagutzea da helburu bakarra".

Berezia izango da datorren asteko asteburua eskualdeko musika eskoletako piano jotzaileentzat; izan ere, bi urteko hutsunearen ondoren, berriro izango dute aukera Euskal Herriko beste herri batzuetako piano ikasleekin elkartzeko. Hamazazpi urtez Andoaingo Bastero kulturgunean elkartu izan dira instrumentu bera pasio duten ehunka musikari; 2022az geroztik, ordea, topaketa antolatzeari utzi zioten bultzatzaileek nekeak jota.

Hala, EHME Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak egitasmoa berreskuratu nahi izan du aurten, baina topaketa bakarra egin beharrean, zortzi antolatu ditu, aldi berean, beste hainbeste herritan. Tartean, Zarautzen eta Azkoitian. Bi herrientzat halako ekimen bat hartzen duten lehenengo aldia izango da.

Zarautzen, Modelo aretoan egingo dute larunbatean eta Imanol Urbieta musika eskolako ikasleez gain, Orioko eta Lekeitioko piano jotzaileak etorriko dira; 67 lagun, orotara. Azkoitian, berriz, Herriko Plaza aretoan egingo dute topo, igandean, Bizkargi musika eskolako, Azpeitiko eta Zestoako 41 piano jotzailek.

Zentzu horretan, Zarauzko ekitaldia antolatu duten Marina Lertxundi Imanol Urbieta musika eskolako zuzendariak eta Laura Bilbao piano irakasleak aitortu dute datorren urteari begira deialdia "hobeto zabaldu" nahiko luketela, jarraipena emateko asmoa baitute: "Piano Topaketak EHMEko kide garenok antolatu ditugun arren, ez da itxia, musika eskola guztietako nahiz eskola partikularrak jasotzen dituzten ikasleek parte hartu dezakete, baina iruditzen zaigu askok ez dutela egitasmoaren berri izan".

Piano Topaketak ikasleentzat zenbateko garrantzia duen ere azaldu du Lertxundik: "Piano jotzaileek ez dituzte aukera asko jendaurrean aritzeko. Jotzen duten instrumentua finkoa denez, ezin dute egiten ditugun kalejiretan parte hartu musika eskolako gainerako ikasleekin batera". Horrez gain, topaketak beste pizgarri bat ere badu Bilbaoren esanetan: "Musika eskolan ez dugu isats-pianorik. Alokatu egin behar izaten dugu, eta, ondorioz, gure ikasleek gutxitan dute hura jotzeko aukerarik. Piano Topaketan isats-pianoa joko dute parte hartzaile guztiek".

Ez da lehiaketa

Musika eskolako bi kideek argi utzi dutenez, "Piano Topaketa ez da lehiaketa, ikasleek pianoaz gozatzea eta elkar ezagutzea da helburu bakarra". Nolanahi ere, "ikasle guztiek beren piezak ahalik eta ondoen defendatzeko ahalegina egingo dute, horretarako gogor egin dutelako lan denbora luzez", azpimarratu du Bilbaok. Zentzu horretan, Mari Jose Arregi Bizkargi musika eskolako zuzendariak adierazi du Andoaingo topaketak bazuen lehiaketa kutxua eta horrekin amaitu nahi izan dutela.

Hori horrela, Piano Topaketa ikasleen adinaren arabera mailakatu –11 urte artekoak A mailan, 11 eta 14 urte bitartekoak B mailan, eta 14tik gorakoak C mailan– badute ere, guztiak batera arituko dira Azkoitian, ordean alfabetikoan aterako baitira ikasleak oholtzara 12:00etatik aurrera, igandean, esan bezala.

Zarautzen, aldiz, hiru saio egingo dituzte larunbatean mailaren arabera banatuta: 16:00etan A mailakoak, 17:00etan B mailakoak eta 18:30ean C mailakoak. Bakarlari zein lau eskutara modalitatean joko dituzte piezak, eta, behin saio guztiak amaituta musikari guztia berriro igoko dira oholtzara 19:45ean diploma bana jasotzeko. Horrez gain, antolatzaileek jakinarazi dute sorpresaren bat izango dela amaieran.

Bizkargiko zein Imanol Urbieta musika eskoletako arduradunek saioak ikustera animatu dituzte herritarrak; izan ere, doakoa izango da sarrera. Zarautzen, dena den, parte hartzaile asko izango direnez, lau gonbidapen emango dizkiote musikarietako bakoitzari bere senide edota lagunen artean banatu ditzan. Gonbidapenak saio jakin baterako soilik balioko du, gainera, batetik bestera hustu egingo baitute aretoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide