Egur Sport enpresak Urrezko Aizkolariak zigiluaren bueltan antolatzen dituen herri kirol txapelketek geldialdia egingo dute aurten ere Beizamako Illaunpe pilotalekuan. Larunbatean izango da, otsailaren 10ean, 17:30ean.
Ordu horretan hasita, Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren, gazte mailako Banakako Aizkolari Txapelketaren, eta gizonen binakako zein emakumeen banakako harri jasotzaile txapelketen jardunaldi bana jokoan jarriko dituzte Beizaman. Hamahiru kirolari lehiatuko dira guztira, eta horietako zazpi eskualdekoak dira: Eneko Otaño beizamarra, Mikel Larrañaga eta Olaia Esnaola azpeitiarrak, Mikel Lopetegi Urra, Imanol Royo Lartain eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a zarauztarrak, eta Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarra.
Aizkolarien binakako lehia nagusian, bi bikote ariko dira finalean sartzeko borrokan: Larrañaga eta Txomin Amundarain, Otaño eta Julen Larrearen kontra. Gazte mailako aizkolarien lehia da eskualdeko ordezkaririk izango ez duen bakarra: Unai Etxebarria Osinalde-k eta Kimetz Oñederra Aittola-k neurtuko dituz<te indarrak, batetik; eta Jokin Larrietak eta Aritz Oiarbidek, bestetik.
Harri jasotze txapelketetan, aldiz, lehiatuko diren bost kirolariak dira eskualdekoak. Gizonen txapelketan, Urra, Lartain, Goenatxo III.a eta Izeta IV.a ariko dira nor baino nor; emakumeen txapelketan, berriz, Esnaola bakarkako lanean aritu beharko da aitaren herrian.