Azpeitian eta Orion protestak eragin dituzte zaharren egoitzako zein eguneko zentroko kudeaketan egon diren aldaketek. Hain zuzen, Azpeitiko San Martin egoitzan langile bat bat-batean kaleratu zutela salatu zuen Langile Batzordeak joan zen urtarrilean, eta ordutik protestan ari dira. Era berean, Orioko Eguneko Zentroko langileak mobilizatzen hasi dira azken hilabeteetan zentroa kudeatzen duen enpresak egin dituen aldaketak salatzeko. LAB sindikatuak azaldu duenez, "berregituraketaren aitzakiarekin" murrizketak egin dituzte Orioko Eguneko Zentroan.
Bi herrietan izan diren gertaeren atzean, kudeaketaz arduratzen diren enpresak daudela uste dute langileek. Azpeitiko kasuan, iazko irailetik Matia Fundazioak kudeatzen du San Martin egoitza. Aurrez, urtebete pasatxoan, 2022ko ekainetik iazko irailera artean, GSR enpresak zuen ardura hori, eta kudeatzailea aldatzearekin batera, Azpeitiko egoitzako zuzendaritzan ere aldaketak izan dira. " San Martinen aldaketa asko bizitzen ari gara kudeatzaile aldaketekin, eta orain, kaleratze hau etorri da". Haserrea sortu du horrek egoitzako gainontzeko langileengan: "Ez dugu ulertzen zertara datorren kaleratze hau". San Martin egoitzako beharginak urtarrilaz geroztik ari dira mobilizatzen Langile Batzordeko kideek deituta.
Orion ere kudeaketaz arduratzen den enpresak egindako "berregituraketak" jarri dituzte arazoaren muinean: "Orioko Eguneko Zentroaren titularra Gipuzkoako Foru Aldundia da, baina azpikontratazio bidez Biharko Gipuzkoa enpresak kudeatzen du zerbitzua. Urtearen amaieran berregituraketa bat egongo zela esan ziguten, eta aldaketaren aitzakian lanaldi osoko lanpostu bat desagertu da eta lanaldi partzialeko bi lanpostu sortu dituzte", salatu dute. Langileek uste dute lanaldietan egin diren aldaketekin zentroko "partzialtasuna" handitu dela, eta horrek langileen "prekarietatea" handitzea ekarri duela. "Modifikazioaren gainean enpresarekin izan dugun negoziazioan esan dugun bezala, ez dago arrazoi objektiborik aldaketak egiteko. Langileok beti kontuan izaten ditugu erabiltzaileen nahi eta beharrak, baina oraingoan enpresak behar horiei jaramonik ez egitea eta lanaldietan aldaketak egitea erabaki du", kritikatu du LAB sindikatuak.
Azpeitian zein Orion protestak egingo dituzte jazotako gertaerak salatzeko. Azpeitian, bihar, ostegunez, egingo dute elkarretartzea 19:00etan hasita, plazan. Langile Batzordeak deitu du protesta, Kaleratzerik ez lelopean. Orion, ostiralean egingo dute elkarretaratzea, 19:00etan, plazan.