Akaleia eta Lauzpabost Stand Up proiektuek 'Katapulta Tour Gipuzkoa' programaren IX. edizioan parte hartuko dute

Mireia Galarza Bastida 2024ko ots. 5a, 10:28

'Katapulta Tour Gipuzkoa' programako aurtengo sarituak, tartean Oihana Rodriguez (ezkerretik hasita bosgarrena) eta Maria Blanco (ezkerretik hasita bederatzigarrena). (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Oihana Rodriguez zumaiarra (Akaleia), eta Maria Blanco zestoarra eta Julen Portillo zarauztarra (Lauzpabost Stand Up) dira saritutako proiektuetako eskualdeko parte hartzaileak. Formatu txikiko musikari eta arte eszenikoari balioa eman eta Gipuzkoako eszena dinamizatzen laguntzea du helburu proiektuak.

Bederatzigarrenez, aurten ere Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak eta Kutxa Fundazioak Katapulta Tour Gipuzkoa programa jarri dute martxan, formatu txikiko musikari eta arte eszenikoari balioa eman eta Gipuzkoako eszena dinamizatzen laguntzeko. Guztira 121 musika proiektu eta arte eszenikoetako 28 lan aurkeztu dituzte, baina horietatik hamar taldek bakarrik lortu dute programan sartzea, tartean eskualdeko kideak dituzten bik: Akaleia abeslariak eta Lauzpabost Stand Up bakarrizketa proiektuak. Aipatutako lehen proiektuko kidea da Oihana Rodriguez zumaiarra; Maria Blanco zestoarra eta Julen Portillo zarauztarra, berriz, Lauzpabost proiektuko kide dira. 

Horietaz gain, honeko taldeek eskuratu dute saria: Erromintxelak, Esanezin, Indabe, Latido, Noir Socha, Pelax, The Donkey Riders eta Kalte Kolektiboa. Bederatzigarren edizioan, saritutako sortzaileek aukera izango dute zuzeneko lau emanaldi eskaintzeko, prestakuntza programa bat eta hautatutako proposamenetarako entsegu espazioak izateko eta sustapen bideo bat grabatzeko. 

Goizane Alvarez Kultura diputatuak nabarmendu du horrelako ekimenek garrantzia handia dutela lurraldeko artistak bultzatzeko, beren proiektu musikal eta artistikoen hedapenean eta profesionalizazioan laguntzen dietelako: “Garrantzitsua da gazteei laguntzea eta lurraldean dugun tokiko talentua sustatzea.  Benetan sinesten dugu kulturak eta arteak gure gizartea aberasteko eta Gipuzkoako eszenaren bizitasunean laguntzeko duten boterean".

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide