Zuhaitz landaketa egingo dute igandean Aizarnatik abiatuta

Intza Trula 2024ko otsailaren 2a

Zuhaitz landaketa. (Artxibokoa)

Hernio eta Pagoeta mendien artean egingo dute zuhaitz landaketa. Igandean 09:00etan abiatuko dira parte hartzaileak Aizarnako plazatik.

Aizarnatik abiatuta zuhaitz landaketa antolatu du Lurgaia fundazioak igande honetarako, hilaren 4rako. 09:00etan jarri dute irteerarako hitzordua, Aizarnako plazan, eta hortik abiatuta Ernio eta Pagoeta artean landatuko dituzte zuhaitzak.

Hernio, Gazume, Pagoeta eta Izarraitz korridore ekologikoaren zati bat berreskuratzeko prozesuaren barruan antolatu dute ekimena. Korridore ekologikoak kontserbazio estrategiak dira; eremu naturalak lotzen laguntzen dute eta faunarentzat oso lagungarriak dira. Proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek, Santa Engrazia baselizan geldialdi bat egingo baitute hura azaltzeko. 

Mendiko botak eta praka luzeak eramatea gomendatzen da; euria egitekotan, uretako arropa eta aldatzeko zerbait ere bai. Horrez gainera, ura eta jateko zerbait ere eraman behar da. 

Izen-ematea honako lotura honetan egin daiteke. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide