Gaurtik igandera bitartean, santa eskeak egingo dituzte eskualdeko ia herri guztietan: Aian, Aizarnazabalen, Azkoitian, Azpeitian, Errezilen, Getarian, Orion, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian gaurtik hasi eta astelehenera bitartean baserriz baserri eta kalez kale irtengo dira kantujiran.
Hona egitaraua herriz herri:
Aia
Otsailak 4, igandea, Santa Ageda bezpera:
- 09:00etan irtengo dira plazatik. Banaketa: HH2. eta HH3. mailetakoak: herria. HH4. eta HH5. mailetakoak: Laurgain-Arrutiegia. LH1. eta LH2. mailetakoak: Kurpidea. LH3. eta LH4. mailetakoak: Andatza. LH5. eta LH6. mailetakoak: Olaskoegia. DBHkoak: Etxetaballa-Irutaegia.
Aizarnazabal
Otsailak 3, larunbata:
- 09:00etan udaletxe aurretik aterako dira santa eskera.
- 16:15ean Basakaitz eskolako haurrak batuko dira helduen kantujirara. Zubialdera joango dira, eta 18:00etan herrira itzuli. Hortik aurrera helduek bakarrik jarraituko dute: Mugitzagainara eta Ibañarrietara joango dira.
Azkoitia
Otsailak 2, ostirala:
- 15:00etatik 17:00etara, Xabier Munibe ikastolako LH6. mailakoak santa eskera aterako dira.
Otsailak 4, igandea, Santa Ageda bezpera:
- 11:00etatik 13:00etara, Floreaga ikastetxeko kideek zeharkatuko dute herria kantuan.
Otsailak 5, Santa Ageda eguna:
- Azkoitia BHIko ikasleak arituko dira koplatan, bi taldetan banatuta; batzuk San Jose egoitzara joango dira, eta besteak udaletxera. Ondoren, Xabier Munibe ikastolan elkartuko dira guztiak, 12:00etarako, eta handik irtenda, kalez kale ibiliko dira berriz ere kantuan.
Azpeitia
Otsailak 4, igandea, Santa Ageda bezpera:
- 18:00etan Sanagustin kulturgunean hasita, Azpeitiko Ikasberri ikastolako gurasoak eta ikasleak aterako dira santa eskean bertsolarien eta trikitilarien laguntzarekin.
Errezil
Otsailak 2, ostirala:
- 09:15ean aterako dira santa eskean San Martin herri eskolako ikasleak eta irakasleak. Aurreneko koplak eskola atarian abestuko dituzte, eta gero herrigunean ibiliko dira.
Getaria
Otsailak 3, larunbata:
- 09:00etatik aurrera, Alamedatik Habanerara bertso eskolak antolatuta, herriko auzoetan barrena ibiliko dira santa eskean.
Orio
Otsailak 4, Santa Ageda bezpera:
- 18:00etan, Orioko Herri Ikastolak antolatua, ikastola aurretik irtengo dira ikasleak, irakasleak eta gurasoak eskera, trikitilariek eta bertsolariek lagunduta. Herrian zehar egingo dute ibilbidea, Goiko Kaletik barrena.
Zarautz
Otsailak 4, Santa Ageda bezpera:
- 12:30etik 13:30era, Txinpirin eta Zarazte abesbatzak kalez kale ariko dira Joseba Egaña Imanol Urbieta musika eskolako txistu irakaslearekin eta bertako ikasleekin batera. Villa Mundan hasiko dira kantuan, eta Musika Plazan amaituko dute.
- 11:30etik 14:00etara, Arrai Zopa taldekoak aterako dira kantuan. Berezia izango da aurtengo kantujira: Bunkey misioan duten Amatasun Prestakuntza proiektura bideratuko dute bertan lortutako dirua. Aimar Sorazu eta Amets Aizpurua bertsolari gazteekin egingo dute bidea.
- 18:30etik 20:00etara, Zarautz Abesbatzaren eta Zarautz Trik kultur elkarteko ikasleen txanda izango da, eta Musika Plazan hasiko dute ibilaldea.
Zestoa
Otsailak 2, ostirala:
- Aizarnako haurrak eskola garaian aterako dira auzoan zehar kantatzera.
Otsailak 3, larunbata:
- Aizarnako auzotarrak elkartuko dira kalera atera eta abesteko. Guraso Elkarteak antolatu du kantujira.
- Lasaon 09:00etan irtengo dira kantuan, bertsolarien eta trikitilarien laguntzarekin.
- Arroabean ere 09:00etan jarri dute hitzordua. Plazatik hasita inguruko baserriak zeharkatuko dituzte. Eneritz Artetxe eta Eli Pagola bertsolariek girotuko dute egun osoko saioa.
Otsailak 4, Santa Ageda bezpera:
- Zestoako herrigunean, santa eske taldea Gurutzetik aterako da 08:30ean, bi taldetan banatuta: batek Legoiaga eta Ondarbaso bailara zeharkatuko ditu, eta besteak, Akoa eta egoitzak. Eguerdian, bi taldeak elkarrekin, kale eta tabernetan zehar ibiliko dira. Horiekin batera, Aitor Salegi, Gorka Olaizola, Danel Olano eta Unai Sarasua bertsolariak ibiliko dira.
Zumaia
Otsailak 4, Santa Ageda bezpera:
- 11:30ean Ttakun tabernatik hasi eta Ondartxora arte joango dira, Zumaiako Herri Eskolak eta Lubaki guraso elkarteak deitutako kantujiran.
- 12:00etan Beheko Plazan elkartuko dira San Pedro abesbatzakoak, kantuz kantu aritzeko.
- 16:00etan, Korokoiak taldea aterako da Beheko Plazatik, Sasi Ageda bezperako eskea bezala izendatu duten kantu kalejiran.