Oraindik urruti dago uda sasoian jokatzen den traineru denboraldia, baina arraun taldeak hasi dira dagoeneko neguko estropadetan parte hartzen. Igandean, esaterako, Portugaleteko Traineru Jaitsiera jokatu zen eta eskualdeko hainbat talde garaipenarekin bueltatu dira etxera.
Alde batetik, Orio Arraunketa Elkarteko emakumezkoen trainerua lehen postuan sailkatu zen Maider Etxaniz patroi zutela; 14:05,51 denbora markatu zuten helmugan. Bigarrena izan zen Zumaia hamabi segundora eta hirugarren sailkatu zen Hibaika (14:18,00).
Bestetik, Senior mailako gizonezkoen kategorian, Getariako taldea izan zen nagusi, eta 16:51,12 denbora markatuta zazpi segundoko errenta atera zion bigarren sailkatu zen Zierbenari. Estropadan parte hartu zuen eskualdeko beste taldea Zumaia izan zen, eta Telmo Deun elkarteko gizonezkoen taldea (17:35,23) 11. postuan sailkatu zen.
Beteranoen kategorian, berriz, Badok 13 Orio A taldea izan zen nagusi. Maila horretan hemezortzi taldek parte hartu zuten lehian, eta oriotarrak izan ziren azkarrenak 13:37,45 denbora markatuta. Bigarren eta hirugarren sailkatuak Itsasoko Ama (13:46,15) eta Pentejos (13:49,12) izan ziren, hurrenez hurren. Zumaiak ere parte hartu zuen beteranoen lehian eta zortzigarren postuan sailkatu ziren, 14:14,99 denbora eginda.