Pentsio duinak aldarrikatu dituzte protesten seigarren urteurrenean ere

Onintza Lete Arrieta 2024ko urtarrilaren 15a

Erretiratuek elkarretaratzeak egin dituzte, astelehenero bezala, Azpeitian, Getarian, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian. Gaurkoan, urteurrena dela eta, hamaiketakoa eginez amaitu dituzte protestak herri batzuetan.

Pentsio duinen aldeko borroka hasi zutela sei urte bete dira, eta gaur eguerdian elkarretaratzeak egin dituzte Euskal Herriko plazetan Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deituta. Eskualdean Azpeitian, Getarian, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian egin dituzte protestak. Gehienetan mokadua elkarrekin hartuz amaitu dute protesta, eta herri batzuetan gogoan izan dituzte urte hauetan hildako pentsiodunak ere.

Azpeitian dozenaka lagun Azoka Plazan elkartu dira Azpeitiko Jubilatu eta Pentsiodunen plataformak deituta, eta elkarretaratzea egin dute Lortutakoa ospatzen dugu, falta dena lortuko dugu lelo hartuta. Laxaro Azkunek eta Maite Garmendiak Bertsopentsiotan I. Bertso Jarrien Lehiaketara aurkeztu dituzten bertsoak abestu dituzte, elkarretaratzean bildutako denen gozamenerako, eta bilkura hamaiketakoarekin amaitu dute.

Zestoan, berriz, Zestoako Pentsionistak Martxan taldeak mobilizazioa aprobetxatu du osasungintza publikoaren aldeko aldarria eramateko herriko osasun etxearen atarira, han egin baitute gaur eguerdiko elkarretaratzea. Bi pankartaren bueltan egin dute elkarretaratzea: Pentsio duina guztiontzat. Pentsioak, osasuna, zaintza eta Osakidetza salba dezagun zioten pankartek. 40 bat herritarrek egin dute bat deialdiarekin.

Zarautzen ere ez dute hutsik egin asteleheneroko hitzorduan, eta dozena bat lagun pasatxo elkartu dira Lege Zaharren enparantzan, eta ozen aldarrikatu dute beraien borroka ez dela oraindik amaitu. Eguraldi kaskarra dela eta, ez dute manifestaziorik egin. Azaldu dutenez, joan den asteazkenean Diputatuen Kongresuan onartutako 2024rako pentsioak ezartzen dituen lege dekretuarekin ez da berreskuratuko pentsionistek galdu duten erosteko ahalmena azken urteetan. Horretaz gain, kotizaziopeko gutxieneko pentsioak duela sei urtetik eskatzen ari diren 1.08o eurotatik oso behera geratuko direla azaldu dute.

Zumaian ere egin dute elkarretaratzea, Estalapean, eta urte hauetan guztietan Zumaiako pentsiodunen bozeramaile lanetan aritu den Peio Enparanek positiboki baloratu du pentsiodunek lortutakoa; bere esanetan, urte hauetan izandako lorpenak "pentsaezinak" lirateke duela sei urte. Lorpen horien artean nabarmentzen dituzte 2013ko PPren erreforma indargabetzea, pentsio sistema publikoa guztiz bideragarria dela erakustea edo iraunkortasun faktorea indargabetzea. Lorpen horiek garrantzitsuak izanda ere, beste batzuk, pentsio minimoa 1.080 eurora igotzea, adibidez, oraindik ez dituztela lortu azaldu du, eta borrokan jarraitzeko asmoa berretsi du. Festa giroa eman diote urteurrenari, bertaratu direnei pintxoak eskainiz.

Getarian, azkenik, ohi bezala udaletxe azpian elkartu da herritar taldea. Hamabost lagun inguruk egin dute bat protestarekin, eta han ere, urteurrena ospatzeko amaieran pintxoak eskaini dituzte antolatzaileek "txakolin pixka batekin". Ez alferrik, San Anton egunak gertu harrapatzen du urteurrena, asteazken honetan bertan ospatuko baitute txakolin uzta berriaren festa herrian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide