Txotxeko sasoirako prest

Nerea Uranga eta Jabi Gonzalez Toston 2024ko urtarrilaren 11

Iazko txotx denboraldiaren irekiera, Añota sagardotegian. (Ihintza Elustondo)

Azpeitiko Añota sagardotegiak larunbate honetan hasiko du sagardo berriaren denboraldia, Aiako Izetak eta Satxotak urtarrilaren 19an, eta Ibañarrietako Ekain sagardotegiak urtarrilaren 27an.

Ofizialki datorren astean hasiko dute aurtengo txotx denboraldia Euskal Herriko sagardotegietan; hain zuzen ere, Euskal Sagardoa elkarteak sagardo berria asteartean aurkeztuko du Astigarragan (Gipuzkoa).

Urola Kostako sagardozaleek ere hasi dituzte txotx denboraldiari ekiteko prestaketak. Bailaran, sagardoa txotxetik edateko sasoia irekitzen aurrena Azpeitiko Añota sagardotegia izango da. Larunbatean, urtarrilaren 13an, egingo dute irekiera ekitaldia Elosiaga auzoko sagardotegian, 14:00etan hasita.

Aurten, Jon eta Unai Alberdi pilotari azpeitiarrak izango dira Añotako txotx denboraldiaren irekiera ekitaldiko gonbidatuak zein protagonistak. Jon Alberdik azaroan jakinarazi zuen pilota utziko zuela, eta haren ibilbideari aitortza egiteko modua izango da zapatuko ekitaldia. Ohi bezala, ez da trikiti doinurik faltako sagardotegian, eta Izer eta Alabier arituko dira hura girotzen. Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe II.a eta Xebastian Lizaso, berriz, bertsotan arituko dira.  Añotako txotx irekierako bazkarira joan nahi dutenek aurrez erreserba egin eta izena eman dezakete sagardotegiko 943-81 20 92 telefono zenbakira deituta. 

Bestalde, Aiako Izeta sagardotegian eta Satxota sagardotegian San Sebastian bezperan, urtarrilaren 19an, zabalduko dute sagardoa txotxetik edateko sasoia. Txotx denboraldi berriaren ekitaldia 20:30ean hasiko dute Izeta sagardotegian, trikitilariek eta Eñaut Agirre bertsolariak girotuta. Satxotan, berriz, 20:00 inguruan ekingo diote irekiera ekitaldiari. Batera zein bestera joan nahi duenak sagardotegietara deitu beharko du erreserba egiteko.

Zestoako Ibañarrieta auzoko Ekain sagardotegian urtarrilaren 27an hasiko dute txox denboraldi berria, eta hara joan nahi duenak bertara deitu besterik ez du.

"Edan erraza"

Añota sagardotegiko Luis Belokik azaldu du iazko urtea sagar urtea izan zela, baina uste bezain uzta ona ez dutela izan: "Ez da espero genuen adina sagar izan". Izeta sagardotegiko Gotzon Iruretagoiena, aldiz, "oso pozik" agertu da iazko sagar uztarekin, horrek aukera eman dielako aurtengo sagardoa ehuneko ehunean bertako sagarrarekin egiteko.

Sagardo berriaren ezaugarriak azaltzerakoan, bat datoz Izeta sagardotegiko Iruretagoiena, Ekain sagardotegiko Aitor Eizmendi eta Añotako Beloki: aurtengo sagardoa "iazkoa baino bigunagoa" da, eta, ondorioz, "edateko errazagoa" izango dela adierazi dute hirurek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide