Konponbiderako giltzak goiburu hartuta, manifestazioa deitu du Sarek larunbat honetarako, Bilbon. Sarek giza eskubideen defentsa helburutzat hartu nahi duten herritar guztiei egin die dei hara joateko. "Ez baikara hizketan ari helburu politiko edo alderdikoiez. Eskubideez ari gara hizketan, salbuespen egoera, juridikoa eta espetxe arlokoa bukatu beharraz, hain zuzen ere. Gure herrian bizi izan ditugun indarkeria guztien biktima guztien mina errespetatzeaz. Finean, bizikidetzaz ari gara", azaldu dute ohar bidez.
Hala, Bilbon helaraziko duten mezua izango da "euskal gizarteak berak hartu behar duela bere gain, instituzio politiko eta judizialekin batera, euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera itzultzeko bidea diseinatzeko gaitasuna".
Eskualdetik autobusak
Larunbateko hitzordura joateko, autobusak aterako dira ondorengo herrietatik: Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia.
Azkoitian, 14:30ean abiatuko da autobusa, Eroski txikiaren aurretik. Izena Zurt tabernan eman behar da.
Azpeitian, Orkatzen, Berdien eta Nizan eman daiteke izena, eta Bilbora joateko autobusak 14:30ean irtengo dira anbulatorioaren aurretik.
Getarian, herriko geltokitik aterako da autobusa, 14:00etan. Herritarten eman behar da izena, eta horretarako azken eguna gaur izango da.
Oriotik, larunbatean 14:15ean aterako da autobusa Bilborako noranzkoan. Kolon Txiki tabernan eman daiteke izena. Gaur da horretarako azken eguna.
Zarautzen, interesdunek Arrano eta Eguzki tabernetan eman dezakete izena. Jakinarazi dutenez, bi aukera izango dira, 10 euro ordainduta: batetik, egun osoa Bilbon igarotzeko aukera izango da, eta bestetik, zuzenean manifestaziora joateko zerbitzua eskainiko dute, 14:00etan aterata. Lehen aukera baliatu nahi dutenak 11:00etan abiatuko dira Zarauztik, eta goizaldeko 02:00etan itzuliko dira Bilbotik. Zehaztu dutenez, ostirala izango da izena emateko azken eguna, baldin eta autobusak aurrez betetzen ez badira.
Zestoatik 14:30ean aterako da Bilbora joateko autobusa, eta Aizarnatik 14:15ean. Izena Portalen eman beharko da.
Zumaian ere bi aukera eskainiko dituzte Bilbora joateko. Lehen autobusa 11:30ean aterako da, eta bigarrena 14:00etan, biak Hortz klinikako autobus geltokitik. Bueltako autobusak, berriz, manifestazioa bukatu ondoren eta goizaldeko 02:00etan aterako dira Bibotik. Izen ematea Inpernupe eta Kantauri tabernetan egin ahalko da.
Aizarnazabaldik ere antolatuko dute autobusa. 11:00etan aterako da udaletxe aurretik, eta kasu honetan, ez da aurretik izena eman beharko.