Aitortza egin diete nazioartean arrakasta lortu duten eskualdeko kirolariei

Andoni Elduaien 2023ko abenduaren 23a

Iñigo Peña, Irati Idiakez eta Aitor Frantzesena Gallo nabarmendu zituzten atzo Gipuzkoako Kirol Galan, beste hainbat kirolarirekin batera.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak Kirol Gala egin zuen atzo, Irungo Ficoba aretoan. Gipuzkoako kirolari entzutetsuenak bildu ziren han, tartean Urola Kosta eskualdeko zenbait; izan ere, mundu mailako txapelketetan arrakasta lortu duten kirolariei aitortza egin zieten atzo: Iñigo Peña piraguista zumaiarra, Irati Idiakez snowboarderra eta Aitor Frantzesena Gallo surflari zarauztarra nabarmendu zituzten, besteak beste.

Peña Piraguismoko Munduko Txapelketan nabarmendu da; aurten, K2 kategorian 1.000 metroko proba irabazi du, eta hirugarren postua lortu du K2 mistoko 500 metroko proban. Idiakezek, berriz, snow egokituko Dual Banked Slalom proba irabazi du eta Gallok surf egokituko munduko bi zirkuitu eta Europako txapelketa irabazi ditu. Bestelako konpromisoak tarteko, Gallok bakarrik parte hartu zuen atzoko ekitaldian, eta gustura agertu zen hura aitortza jasota.

Bestalde, galak  omenaldi berezia egin nahi izan zien Frantziako Tourrean arrastoa utzi duten txirrindulari gipuzkoarren, eta horien artean izan zen Zarauzko bizilagun Haimar Zubeldia usurbildarra.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide