Urola Kosta eskualdeko ordezkaritza bikoitza izango du Espainiako Surf Selekzioak otsailaren 22tik martxoaren 2ra Puerto Ricon lehiatuko duten Munduko Txapelketan; izan ere, Nadia Erostarbe zarauztarra eta Janire Gonzalez Etxebarri zumaiarra deitu dituzte. Bi surflariak ahalik eta postu onena eskuratzen ahaleginduko dira, lehenengo sailkatuek Parisko Olinpiar Jokoetarako azken txartelak ere lortuko baitituzte.
Surflari zumaiarrari lotuta, junior mailako Munduko Txapelketa lehiatu berri du Brasilen, joan den astean aritu zen bertan, eta, lan txukuna egin zuen finalaurrekoen atarian kanporatu baitzuten. Hirugarren sailkatu zen final laurdenetako kanporaketan, eta ondorioz, ezin izan zuen aurrera egin. Orain, txapelketa nagusia jokatzeko ere hautatu dute, esan bezala.
Erostarberi erreparatuta, bestalde, Espainiako Selekzioak deitu duen Zarauzko ordezkari bakarra izan da oraingoan. Irailean jokatutako txapelketan, aldiz, hiru izan ziren Espainiaren izenean aritu ziren zarauztarrak, Adur Amatriain eta Aritz Aranburu ere sartu baitzituzten deialdian. Haiekin batera, Keoni Lasa ere aritu zen, baina Venezuelako selekzioarekin egin zuen.
Ezin Iberdrola liga errematatu
Surflari zarauztarrarekin jarraituta, Kanarietan izan da joan den asteburuan Iberdrola ligako azken proba jokatzeko, Las Palmas Kanaria Handikoan. Esku-eskura zuen Erostarbek Espainiako zirkuitua irabaztea eta gertu izan zuen garaipena, gainera, probako finalera sailkatu baitzen. Azken unean, ordea, ihes egin zion eta Melania Suarez kanariarrak irabazi zituen proba zein zirkuitua. Azken horretan, ezinbestekoa izan zitzaion Ariane Otxoak lortutako bigarren postua; izan ere, segundo gutxiren faltan aurreratu zuen zarauztarra.
Ruben Vitoria eta Adur Amatriainek ere hartu zuten parte Las Palmas Kanaria Handikoan jokatutako azken proba horretan, baina finalaren atarian geratu zituzten biak. Finalaurrekoetan kanporatu zituzten.
