Azaroak 25

Beste urte beltz bat zenbakitan

Erredakzioa 2023ko aza. 24a, 10:04

Indarkeria ilustratzen duen irudi bat. (Pixabay)

Zarauzko aurtengo datuen faltan, gutxienez 75 izan dira emakumeen aurkako erasoak Urola Kostan. Herri gehienetan gora egin dute, nahiz eta badiren salbuespenak. 

Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da bihar, Azaroaren 25a, eta eskualdean izandako emakumeen kontrako indarkeria kasuen datu bilketak erakutsi du herri gehienetan egin dutela gora azken urtean. 2023a hasi zenetik, gutxienez, 75 emakume izan dira indarkeria horren biktima Urola Kostan, bertako udaletako gizarte zerbitzuek emandako datuen arabera. 

Aintzat hartu behar da, dena den, Zarauzko kasuak ez daudela kopuru horren barruan, oraindik ez baitute aurtengo daturik bildu. Beizama eta Errezilgo kasuak zenbat diren ere ez dago jakiterik, Saiaz mankomunitateak datu orokorrak ematen dituelako.

Aia

Indarkeria matxista jasandako bost emakume artatu dituzte aurten Aiako Gizarte Zerbitzuetan, iaz baino lau gehiago. Zehaztu dutenez, bost emakume horietatik bik indarkeria psikologikoa eta ekonomikoa jasan dute, beste bik indarkeria psikologikoa, eta, azkenak fisikoa eta psikologikoa. Guztiak ere, oso gertuko pertsonek eraso dituzte: senarrak hiru, familiako kide batek bat, eta lagunak beste bat.

Eraso matxistak pairatu dituzten emakume horien adina ere zehaztu dute Aiako Gizarte Zerbitzuek: 19 urtekoa da gazteena, eta 46, 50, 59 eta 68 urte dituzte gainerakoek.

Aizarnazabal

Gizarte Zerbitzuetan ez dute indarkeria kasurik artatu bigarren urtez jarraian, Aizarnazabalen. 

Azkoitia

Hamar emakume artatu dituzte urtarriletik azarora bitartean Azkoitiko Gizarte Zerbitzuek, udaleko Ongizate sailak emandako datuen arabera. Iaz baino sei gutxiago dira horiek. Arreta jaso dutenen erdiek jarri dute salaketa, eta horietatik hiruri jarri dizkiete babes neurriak. 

Horrez gain, zehaztu dute hiru emakumek beren kabuz jo dutela Gizarte Zerbitzuetara, beste hiruk Ertzaintzak bideratuta, bat Osakidetzak bideratu du, eta azken hirurak bestelako bideetatik iritsi dira, hala nola mugimendu feministatik, familiako kideengandik edota beste erakunderen batetik. Bostek 18 eta 30 urte artean dituzte, hiruk 31 eta 45 urte artean, eta beste biek 46 eta 59 urte artean.

Udalak jakinarazi du, halaber, aurrez artatu izan dituen beste bederatzi emakumerekin esku hartu duela 2023an.

Azpeitia

Hamasei indarkeria kasu artatu dituzte aurten Azpeitiko Gizarte Zerbitzuek; iaz baino hiru gehiago, hain zuzen. Horietatik zortzik indarkeria fisikoa nahiz psikologikoa jaso dute, beste zazpik psikologikoa, eta batek jazarpena.

Era berean, zehaztu dute aurten artatu dituzten hamasei indarkeria matxista biktimetatik hamabik bikotekidearengandik jaso dutela erasoa, batek aurreko bikotekidearengandik, beste batek aitarengandik, beste batek semeagandik eta azkenak pertsona ezagun batengandik. Emakume horien guztien artean bederatzik jarri dute erasotzailearen aurkako salaketa. 

Adinari erreparatuta, bestalde, 19 urte ditu Gizarte Zerbitzuetara jo duen pertsonarik gazteenak –bikotekideak eragindako indarkeria fisikoa nahiz psikologikoa dela-eta jo du hara–, eta 79 zaharrenak. Emakume horien batez besteko adina 39 urtekoa da; iaz baino hiru urte gazteagoa. Biktimen jatorria ere zehaztu dute: Gizarte Zerbitzuetara jo duten hamasei herritarretatik bost jaio dira Euskal Herrian.

Beizama eta Errezil

Bi izan dira urtea hasi zenetik  Saiaz mankomunitatean artatu dituzten indarkeria matxista kasuak. Beizama eta Errezil ez ezik, Bidania-Goiatz eta Albiztur udalerriak ere barne hartzen ditu mankomunitateak, baina denak ere herri txikiak izanik, ez dute zehaztu nahi izan bi kasu horietako bakoitza nongoa den. 

Edonola ere, argitu dute bi biktimek pairatu dutela indarkeria psikologikoa, eta batek, baita fisikoa ere. Bi emakumeak Euskal Herrian jaiotakoak dira, eta 25 eta 40 urte inguru dituzte.

Getaria

Bi emakume artatu dituzte aurten Getariako Gizarte Zerbitzuetan indarkeria fisikoa jasan dutela salatu ondoren. Iaz ez zuten kasu bakar bat ere artatu. Datu gehiago ez dute eman Gizarte Zerbitzuek. 

Udalak argitu du, bestalde, Ertzaintzaren abisurik ez duela jaso aurten. 2022an zazpi kasu zenbatu zituen Ertzaintzak herrian.

Orio

32 emakumek jaso dute Gizarte Zerbitzuen laguntza iazko azarotik aurtengora Orion indarkeriaren biktima izan direlako. Nabarmena izan da gorakada; izan ere, bikoiztu egin da emakumeenganako eraso kopurua.

Zehaztu dutenez, azken urtean Gizarte Zerbitzuetan artatu dituzten emakumeetatik 21ek  jasan dute indarkeria fisikoa, eta tartean erailketa bat ere izan zen maiatzean. 23 emakumek indarkeria psikologikoa pairatu dute; batek ekonomikoa eta bik bikarioa, hau da, emakumeari min emateko seme-alabei edo hirugarren pertsona bati egin diote eraso. Guztiek ere familiako edo oso gertuko pertsonengandik jasan dituzte erasoak: hamabik aitarengandik, zortzik bikotekidearengandik, lauk bikotekide ohiarengandik, bostek amaren bikotekidearengandik eta hiruk amaren bikotekide ohiarengandik. Horietatik guztietatik 21ek jarri dute salaketa.

Biktimen adinari erreparatuta, bestalde, hamabi adin txikikoak dira, zortzi 19 eta 30 urte artekoak, bost 31 eta 40 urte artekoak, lau 51 eta 65 urte artekoak eta hiru 41 eta 50 urte artekoak. Jatorriz, berriz, Euskal Herrikoak dira gehienak: hamazazpi. 

Zarautz

Zarauzko Gizarte Zerbitzuek urtean bitan egiten dute artatutako indarkeria matxista kasuen zenbaketa: ekainean eta abenduan. Aurten, ordea, ekainean ez dute ohiko zenbaketarik egin; beraz, hedabide honi ez diote aurtengo daturik helarazi. Azken datuak iazkoak dira: 2022an, ekainera bitarte 32 kasu zenbatu zituzten, eta abendura bitarte, 62.

Nolanahi ere, udalak emandako datuek erakusten dute gorakada esanguratsua izan zutela iaz indarkeria matxista kasuek Zarautzen; izan ere, 2021ean 40 izatetik 62 izatera igaro ziren. Biktimen %40 soilik izan ziren salaketa jarri zutenak, ordea.

Arreta eskatu zuten emakumeen erdiek indarkeria fisikoa nahiz psikologikoa jaso zutelako egin zuten, eta %3,23k indarkeria fisiko, psikologiko nahiz sexualaren biktima izan zirelako. Dena den, indarkeria mota bakarra salatu zuten emakumeak ere asko izan ziren: %40,32k indarkeria psikologikoa, eta %6,46k sexu erasoak. Gizonek emandako tratu txar gehienak bikote edo ezkon harremanen barruan gertatu ziren, baina bikotekide edo senar ohiak egindako erasoak ere asko izan ziren.

Adinari eta jatorriari erreparatuta, biktima gehienak Euskal Herrian jaiotakoak izan ziren, eta 31 eta 50 urte artekoak. Dena den, adin txikiko sei biktima ere zenbatu zituzten; horien artean bat, 4 urtekoa. 

Zestoa

Sei indarkeria kasu artatu dituzte Zestoako Gizarte Zerbitzuetan aurten, iaz baino bi gehiago. Bi emakume indarkeria psikologikoaren biktima izan dira, beste bi indarkeria psikologikoaren eta fisikoaren biktima, batek indarkeria psikologikoa eta ekonomikoa pairatu du, eta beste batek fisikoa. Seitik bostek bikotekideengandik jaso dituzte erasoak, eta besteak bikotekide ohiarengandik. Salaketa formala jarri dutenak, berriz, erdiak izan dira.
Halaber, erdiak dira Euskal Herrian jaiotakoak eta 25 eta 35 urte artekoak; bik 36 eta 45 urte artean dituzte, eta batek 46 eta 55 urte artean.

Zumaia

Lau indarkeria matxista kasu artatu dituzte Zumaiako Gizarte Zerbitzuek urtea hasi zenetik. Iaz bost gutxiago izan ziren garaiotan. Dena den, aurretiazkoak diren beste bederatziri arreta ematen jarraitu dute. 

Horrez gain, zehaztu dute indarkeria matxista jasan duten zazpi emakume Emakumeon Etxean lagundu dituztela eta seik Ertzaintzara jo dutela. Horren harira, udalak dio ez duela modurik jakiteko kasu horiek berak ote diren. Halaber, zehaztu du bi emakumek soilik jarri dutela salaketa formala, eta, 18 eta 49 urte artean dituztela. Gainera, gutxienez bi biktimak adin txikiko seme-alabak dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide