Santa Zezilia Eguna ospatu dute Aizarnazabalen, Azkoitian, Azpeitian, Getarian eta Zarautzen

Intza Trula 2023ko azaroaren 23a

Santa Zezilia Egunaren harira emanaldi mordoa eskaini dituzte egunotan eskualdeko herrietan. Atzokoan, Azpeitian, Azkoitian, Aizarnazabalen, Getarian eta Zarautzen atera ziren kalera, musikarien eguna ospatzera.

Santa Zezilia Eguna aitzaki hartuta musikaz bete dituzte eskualdeko herriak egunotan. Aizarnazabalen atzo arratsaldean atera ziren kalera Alaitsu musika eta dantza eskolako kideak. Euriak ez zituen gelditu musikariak eta aurreikusita zuten moduan egin zuten kalejira herrian zehar. Jarraian, eskola azpian elkartu ziren euren trikiti eta panderoekin, eta abesti sorta eskaini zuten oholtza gainera igota. 

Azpeitian, berriz, Sanagustin kulturgunea bete zuten Juan Antxieta musika eskolakoek. Eta, Azkoitian, banda gazteak, biolin taldeak, trikitilariek, panderojoleek, dantzariek, Musika Tailerrak eta Musika Hizkuntzako ikasleek eskaini zuten kontzertua. Eguraldi txarra medio, Elkargunera lekualdatu behar izan zuten emanaldia.

Getarian Musika Banda ibili zen kalez kale iluntzean, eta Zarautzen ere iluntzean ospatu zuten beren eguna herriko bost abesbatzek, elkarrekin kantatuz kalez kale.

Honakoa da datozen egunetan eskualdeko herrietan prestatuta dituzten emanaldien egitaraua:

Gaur, osteguna

Zarautz

- 17:30. Imanol Urbieta musika eskolako ikasleen eta irakasleen kalejira hiru multzotan banatuta. Musika Plazan elkartuko dira guztiak, eta elkarrekin abestu ondoren, txokolatadarekin amaituko dute festa.

Azaroak 25, larunbata

Orio

- 13:00. Salatxo abesbatzaren kontzertua 30. urteurrena ospatzeko.

Azaroak 26, igandea

Getaria

- 09:30. Diana Musika Bandarekin.

- 12:30. Getariako Musika Bandaren Santa Zezilia Eguneko kontzertua, parrokian.

(Argazkiak: Ihintza Elustondo, Iraia Oteiza eta Intza Trula)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide