Hasi dira Santa Zezilia Egunaren bueltako ekitaldiak Urola Kostako herrietan

Maialen Etxaniz 2023ko azaroaren 22a

Zumaian, Orion eta Zestoan emanaldiak eskaini zituzten atzo arratsaldean herri horietako musika eskoletako ikasleek. Gaur, musikarien egunean, ere izango dira ekitaldiak. 

Gaur, azaroak 22, Santa Zezilia Eguna da, musikarien eguna, eta urtero bezala, eskualdeko musika zein dantza eskoletako ikasleak eta abesbatzetako nahiz musika bandetako kideek askotariko ekintzak prestatu dituzte musikarien eguna ospatzeko. Asteburuan izan ziren ekitaldi horietako hainbat, eta atzo ere egin zituzten jaialdiak. Esaterako, Zumaian, Zestoan eta Orion. Zestoako Ertxiña musika eskolako ikasleek ezin izan zuten kalejirarik egin eguraldia tarteko, baina udaletxe azpiko arkupeetan egin zuten saioa. Zumaiako musika eskolakoek Zumaienan eskaini zuten emanaldia, eta Orioko Danbolin Musika eta Dantza Eskolako ikasleak kalera atera ziren Santa Zezilia eguna ospatzera. Emanaldi ederra eskaini zuten pilotalekuan.

Gaur jarraituko dute Santa Zezilia egunaren bueltako ekintzek eskualdeko herrietan. Hona hemen gaur eta datozen egunetan izango diren jaialdien xehetasunak: 

Aizarnazabal

Azaroak 22, asteazkena.
- 17:00. Kalejira herrian barrena.
- 17:15. Alaitsu musika eta dantza eskolako ikasleen emanaldia. 
- Ondoren, Musika eta dantza eskolako ikasleentzat askaria.
*Oharra: Eguraldi ona bada, emanaldia zahar etxe aurrean izango da, eta eguraldi txarra bada, eskola azpian.

Azkoitia

Gaur, ostirala.
- 19:00. Santa Zeziliako jaialdia Baztartxon. Bertan parte hartuko dute musika eskolako ikasleek, Iraurgi abesbatzak, Sahatsa dantza taldeak, Txalkor txistulari taldeak eta Musika Bandak.
Azaroak 22,asteazkena.
- 17:30. Musikalean saioa Gaztaneneako parkean. 

Azpeitia

Azaroak 19, igandea.
- 18:30. Kantuz daramat bizia ekitaldia Sanagustinen, Juan Antxieta musika eskolaren 40. urteurrenaren harira.
Azaroak 22, asteazkena.
- 19:00. Juan Antxieta musika eskolaren emanaldia Sanagustin kulturgunean.
Azaroak 25, larunbata.
- 12:30. Musika Bandaren Santa Zeziliako kontzertua.

Getaria

Azaroak 19, igandea.
 - 12:30. Gazte Alaiak txistulari taldearen emanaldia, Salbatore Deunaren elizan. 
Azaroak 21, asteartea.
- 18:00. Pepita Enbil musika eskolaren emanaldia Iturzaeta aretoan.
Azaroak 22, asteazkena.
- 19:00. Getariako Musika Bandaren kalejira.
Azaroak 26, igandea.
- 09:30. Diana Musika Bandarekin.
- 12:30. Getariako Musika Bandaren Santa Zezilia Eguneko kontzertua.

Orio

Azaroak 25, larunbata.
- 13:00. Salatxo abesbatzaren kontzertua 30. urteurrena ospatzeko.

Zarautz

Azaroak 22, asteazkena.
 - 19:30. Herriko abesbatzetako kideek kantuz girotuko dituzte kaleak, Musika Plazan hasita. Kantu jiran parte hartuko dute Zarautz Abesbatza, Montetxio, Udaberri, Zarautz Kantuan eta Schola Cantorum abesbatzek.
Azaroak 23, osteguna.
 - 15:30. Imanol Urbieta musika eskolako ikasleen eta irakasleen kalejira hiru multzotan banatuta. Musika Plazan elkartuko dira guztiak, eta elkarrekin abestu ondoren, txokolatadarekin amaituko dute festa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide