Ezkurdia-Tolosa eta Etxeberria-Zabaleta bikoteek hasiko dute eskuz binakako txapelketa, Azkoitian

Ane Olaizola 2023ko azaroaren 21a

Esku Pilota Enpresen Ligako (EPEL) Binakako Txapelketaren aurkezpena, gaur, Bilbon. (Baiko)

Profesional mailako eskuz binakako txapelketa Gurea pilotalekuan hasiko da aurten ere, eta gaur argitu dituzte han lehiatuko diren bikoteak. Larunbatean, Aizarnazabalen jarraituko du txapelketak, Jaka-Mariezkurrena eta Larrazabal-Aranguren bikoteen partidarekin. Sarrerak salgai daude Interneten.

Profesional mailako eskuz binakako txapelketa Azkoitian abiatuko da aurten ere, eta San Andres jaien barruan, pilota partida izango da datorren ostiralean. Gaur aurkeztu dute Esku Pilota Enpresen Ligako (EPEL) Binakako Txapelketa Bilbon, eta han jakinarazi dituzte nortzuk osatuko dituzten bikoteak, baita Azkoitian nortzuk jokatuko duten ere: Ezkurdiak Tolosarekin osatuko du bikotea, eta horiek Etxeberria eta Zabaletaren aurka jokatuko dute Gurean, 22:15ean hasita. 

Larunbatean, Aizarnazabalgo Atari Soro frontoian jarraituko du txapelketak, eta Jaka-Mariezkurrena eta Larrazabal-Aranguren bikoteak arituko dira nor baino nor lehian orduan.

Azkoitiko pilota jaialdirako sarrerak dagoeneko salgai daude joan den astetik Entradas Fronton atarian. Kantxako sarrerek 35 euro balio dute, eta kantxaren goiko solairukoek nahiz errebotekoek 20 euro. Hala eta guztiz ere, egunean bertan sarrerak pilotalekuko leihatilan ere jarriko dituzte salgai. Aizarnazabaleko partidarako sarrerak, berriz, 25 eurotan daude salgai, atari berean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide