Gazarako konponbidea eskatu dute eskualdean

Juan Luis Romatet 2023ko azaroaren 8a

Hezkuntza eta lan munduan egin dituzte mobilizazioak goizez, eta elkarretaratzeak iluntzean. Hainbat eragilek egin dute bat Gernika-Palestinaren deialdiarekin

Urriaren hasieran Gazan piztu zen gudari konponbide politikoa eskatzeko mobilizazioak egin zituzten atzo Euskal Herri osoan Gernika-Palestina herri mugimenduak deituta. Hainbat eragilek egin zuten bat kolektibo horrek egindako deialdiarekin: LAB eta ELA sindikatuek ez ezik, baita EH Bilduk, Sortuk, Podemos-Ahal Duguk, Eusko Alkartasunak, Alternatibak, Ernaik edota Elkar-ekinek ere, esaterako. Guztira, Euskal Herriko 107 herri atxikitu dira deialdira.

Hezkuntzan eta lan munduan egin zituzten mobilizazioak goiz partean. Lantoki batzuetan ez zuten asteartera arte zain egon nahi izan, eta bezperan, astelehenean bertan, atera ziren fabrika aurrera Gazan bizitzen ari diren sarraskia bukatzeko eta su etena eskatzera. Indauxek Getarian eta Aian dituen lantokietako kasua da hori. Atzo goizean zehar, bestalde, hainbat enpresatako langileak atera ziren lantokien kanpoaldera Langileok Palestinarekin lelodun pankartekin: San Juan egoitzako langileak Zestoan, Bielekoak eta Ormolakoak Azpeitian, Mendiaraizkoak Zumaian, Aizarnazabalgo haurreskolako irakasle eta jangelako langile eta guraso batzuk eta Azkoitia BHI ikastetxeko hainbat kidek. Adibide batzuk besterik ez dira horiek. Aizarnazabalgo Obe Hetticheko langileak, halaber, gaur goizean atera dira fabrika aurrera, Gazako sarraskia gelditu dadin eskatzera.

Iluntzerako elkarretaratzeak deitu zituen herri deialdiak, eta eskualdean, Aizarnazabalen, Azkoitian, Azpeitian, Beizaman, Getarian, Zarautzen eta Zumaian egin zituzten protestak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide