Palestinako egoera "gero eta larriagoa" izanik eta urriaren 21eko Donostiako manifestazioak izandako erantzunaren ondotik, deialdi herritarrari heldu behar zaiola uste du Gernika-Palestina herri deialdiak, eta gaur Euskal Herriko herri guztietan mobilizatzera dei egin du. Gazako sarraskia gelditu! Konponbide politikoa orain! Palestinarekin elkartasuna! lelo hartuta mobilizatuko dira.
Urola Kostako hainbat herritan ere bat egin dute gaurko Gernika-Palestina kolektiboaren elkarretaratzeko deiarekin: Aizarnazabalen (19:00etan, udaletxearen aurrean), Azkoitian (18:00etan, plazan), Azpeitian (19:00etan, plazan), Zarautzen (19:00etan, udaletxearen aurrean) eta Zumaian (19:00etan, udaletxearen aurrean).
Gaur hilabete, urriaren 7az geroztik, Israelek 10.000 pertsonatik gora hil ditu Gazan, horietatik 4.000 inguru adin txikikoak. Israelen erasoak ikusita, Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi du "agortzear" dela Gazan "genozidio bat" ez gertatzeko denbora.
Mobilizazioaren beharra
Zarautzen Zarautz Palestinarekin herri ekimenak deitu ditu gaurko mobilizazioak, Gernika-Palestina deialdi herritarrarekin bat eginez. Zarautz Palestinarekin herri ekimenak gogorarazi du urrian ere ehunka herritar atera zela kalera Palestinarekin elkartasunez, eta orduan bezala, orain ere eragileei eskatu die bat egin dezatela protestarekin: "Urriaren 19an mobilizazioa deitu genuen Zarautzen, Israel palestinarren aurka egiten ari den genozidioa salatzeko. Herriko gehiengo sindikalaren, hiru alderdiren eta hogei eragile baino gehiagoren atxikimendua jaso zuen deialdiak, eta ehunka herritar atera zen egun hartan Zarauzko kaleetara. Orain, mobilizazio hura babestu zuten eragileei berriro ere deia egiten die Zarautz Palestinarekin ekimenak, gaur berriro ere elkarrekin kalera ateratzeko eta eragile bakoitzak bere ohiko bideetatik deialdia zabaltzeko", esan dute.
Eragileen aniztasunaz ere aritu da Zarautz Palestinarekin herri ekimena, baina "ezberdintasunak ezberdintasun", mobilizazioaren beharra azpimarratu du: "Askotarikoak dira Zarautz Palestinarekin herri ekimena babestu zuten eragileak, eta ezberdintasunak dituzte gatazkari buruzko irakurketan. Guztiok, ordea, ulertzen dugu Israel egiten ari den genozidioak marra gorri guztiak gainditu dituela eta basakeria horren aurrean ezin dugula isilik geratu. Israel gerra krimen larriak egiten ari da Gazan, ospitaleak, anbulantziak, eskolak, haurrak eta zibilak inpunitate osoarekin bonbardatuz, egunero. Europaren eta erakunde askoren isiltasun konplizeak lotsatzen gaitu, eta ez gaude prest horretarako. Ez gure izenean. Gernika-Palestina ekimenaren deiarekin bat egitera deitzen ditugu herritarrak eta eragileak".
Hainbat eragilek bat
Urola Kostako hainbat eragilek bat egin dute Gernika-Palestina herri deialdiak gaurko egindako mobilizatzeko deiarekin, hala nola LAB eta ELA sindikatuek bat egin dute. Azpeitian, berriz, gaur arratsaldeko (19:00etan, plazan) elkarretaratzeari babesa adierazi diote bi sindikatu horiez gainera, EH Bilduk, Sortuk, Ernaik eta Elkar-ekinek.