Hainbat herritan autobusak antolatu dituzte igandeko Behobia-Donostia lasterketarako

Onintza Lete Arrieta 2023ko azaroaren 6a

Iazko edizioko irudi bat.

Azkoititik, Azpeititik, Getariatik, Oriotik, Zarauztik eta Zumaiatik antolatu dituzte autobusak.

Igandean, azaroak 12, jokatuko da Behobia-Donostia lasterketa, eta ohi bezala, eskualdeko ehunka korrikalarik parte hartuko dute bertan. Horregatik, hainbat herritan aurten ere antolatu dituzte autobusak korrikalariei joan-etorria errazteko.

Urola Kostan, Azkoititik, Azpeititik, Getariatik, Oriotik, Zarauztik eta Zumaiatik antolatu dituzte autobusak:

Azkoitia

Azkoitiko Udalak jakitera eman duenez, autobusa joateko bakarrik izango da eta bakoitzak bere kabuz egin beharko du itzulera. Hori horrela, 55 lagunentzako lekua egongo da autobusean eta lasterketa egunean 07:30ean aterako da Udal Liburutegitik. Izena Elkargunean eman behar da.

Azpeitia

Azpeitian 55 pertsonentzako lekua egongo da autobusean eta zerbitzua erabili nahi dutenek igerilekuan eman beharko dute izena, sei euro ordainduta. Horrez gainera, udalak jakinarazi du autobus zerbitzua joateko soilik izango dela eta itzulera nork bere kabuz egin beharko duela. Lasterketaren egunean 07:30ean aterako da autobusa anbulatoriotik. 

Getaria

Getariako Udalak jakitera eman duenez, Behobia-Donostia kirol probara joan-etorria egiteko autobusa antolatu du, eta izena emateko epea zabalik dago kiroldegian edo 943-14 04 32 zenbakira deituta. Autobus geltokian izango da irteera 07:45ean, eta itzulera proba amaitzean egingo dute.

Orio

Orion Orioko Atletismo Taldeak antolatu du autobusa egun horretarako, baina leku gutxi batzuk bakarrik geratzen dira dagoeneko; sei eserleku inguru. 

Beraz, autobusean joan nahi duten korrikalariek eman dezakete izena oraindik. Horretarako, 699 940 888 edo 665 756 811 telefono zenbakietara deitu edo Whatsapp mezu bat idatzi beharko dute. Ordainketa, berriz, egin daiteke eskura edo aipatutako telefono zenbaki horietako batera Bizuma eginez. Autobusaren prezioa 8 eurokoa izango da. Joaneko bidaia izango da, beraz, buelta bakoitzak bere kontura egin beharko du. Autobusa 08:00etan aterako da Bikamiotako biribilgunetik.

Zarautz

Zarautzen ere antolatu dute autobusa, eta interesdunek 943-89 05 62 edo 675 70 98 93 telefono zenbakietara deitu beharko dute tokia gordetzeko. Alustizaren autobusa igandean 08:00etan aterako da Aritzbatalde kiroldegi aurretik. 

Zumaia

Zumaiako Udalak autobusa jarriko du korrikalariak mugan dagoen Behobiara eramateko. Buelta, baina, norberak bere kabuz egin beharko du, busik ez da eta izango Donostiatik Zumaiara ekartzeko.

Interesdunek Lubaki kiroldegian (943-86 20 21) eman beharko dute izena. Prezioa 5 euro izango da, eta ordainketa kiroldegian bertan egingo da. Busa 07:30ean aterako da Txomin Agirre kaiko autobus geltokitik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide