Jordi Savall eta Le Concert des Nations Kursaalen entzuteko autobusak jarri dituzte Urola Erditik

Mailo Oiarzabal 2023ko azaroaren 5a

Jordi Savall. (Kursaal.eus)

Azaroaren 14an, asteartea, izango da musika emanaldia, eta Kursaal Eskura egitasmoaren barruan, Donostiarako joan-etorria egiteko doako garraio zerbitzua jarri dute Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako udalek. Azaroaren 8an bukatuko da autobusean tokia erreserbatzeko epea.

Jordi Savall zuzendariak eta Le Concert des Nations orkestrak azaroaren 14an Donostiako Kursaalen emango duten kontzertura joan nahi dutenek doako garraio zerbitzua izango dute Azkoitia, Azpeitia, Zestoa eta Donostia arteko joan-etorria egiteko, Kursaal Eskura egitasmoaren barruan. Gluck, Haendel eta Rameau musikarien lanak eskainiko ditu Le Concert des Nations-ek Donostian, Savall maisuaren Los elementos y las furias proiektuaren barruan.

Kursaalek eta Urola Erdiko hiru herriotako udalek Kursaal Eskura egitasmoaren barruan antolatutako doako autobus zerbitzua erabili nahi dutenek, Savallen eta Le Concert des Nationsen kontzerturako sarrerak eskuratu behar dituzte aurrena kursaal.eus webgunean, eta ondoren erreserbatu ahal izango dute autobuserako lekua, udaletako Kultura sailetan:

  • Azkoitian, 943-85 71 70 telefono zenbakira deituta edo kultu@azkoitia.eus helbidera idatzita.
  • Azpeitian, 943-15 70 68 telefono zenbakira deituta edo kultura@azpeitia.eus helbidera idatzita.
  • Zestoan, 943-14 70 10 (luzapena 8) zein 688 735 652 telefono zenbakietara deituta, edo kultura@zestoa.eus helbidera idatzita

30 urte artekoek zein langabezian dauden herritarrek sarrerak ere udaletan erreserbatu behar dituzte, autobuseko joan-etorriarekin batera. 3 eurotan lor dezakete sarrera gazteek eta langabetuek; sarrera autobusarekin batera erreserbatu ondoren, kontzertuko egunean Kursaaleko leihatilan ordainduko dute horiek sarrera, adina (Ordu Gaztea) zein lan egoera (langabetua) egiaztatuta, beti ere.

Azaroaren 8an itxiko da autobusean tokia hartzeko epea. Azaroaren 14an, 19:30ean hasiko da Kursaaleko kontzertua, eta ordu eta toki hauetan hartu beharko da hara joateko autobusa:

  • Azkoitian, 18:00etan, Julio Urkixo 7ko geralekuan.
  • Azpeitian, 18:15ean, anbulatorio aurreko geralekuan.
  • Zestoan, 18:30ean, GI-631 errepideko geralekuan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide